Adarraga Memoriala jokatu zen atzo Hernaniko atletismo pistan eta atleta hernaniarrek oso emaitza onak lortu zituzten. Lau lasterketa puntuagarri izan ziren eta hirutan nagusitu ziren. Infantil mutiletan, Julen Goikoetxeak irabazi zuen eta nesketan, Ainhoa Arrutik. Alebin mutiletan, berriz, Gorka Lopez de Arregik irabazi zuen eta Lander Ruiz bigarren geratu zen. Alebin nesketan, Libe Maquet donostiarrak irabazi zuen eta Irati Lopez izan zen hernaniar azkarrena, bosgarren postua lortuta. Gainerako atleta hernaniarrek ere lan ederra egin zuten. Lau lasterketa hauetan, 46 neska-mutilek hartu zuten parte eta horietatik 16 hernaniarrak izan ziren.
Alebin mutiletan, Langile
Taldeka kontuan hartuta, alebin mutiletan, Langile ikastolak irabazi zuen. Infantil eta alebin nesketan berriz, Goierri Garaiak.
Adarraga Memoriala, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren barruan jokatzen da eta txapelketatik kanpo, benjamin mailako lasterketak ere egin ziren atzo.
Oroigarria, adarragatarrei
Aurten, 50 urte bete ditu adarragatarren omenez egiten den memorial honek eta bukaeran, atletismo taldeak, oroigarri bat eman zien Adarraga familiako senideei.