Hitzaldia emango dute gaur, Hernanin, Hirugarren Adina, Hirugarren Mundurako ONGD eta Guatemalako Fe y Alegria elkarteko kideek. Gaia, honakoa: Hezkuntza teknikoak bizitzak aldatzen ditu Guatemalan. 18:30etan izango da Biterin.
Gazteei, aukera berriak
Guatemalan, gazteek ikasteko aukerarik ez dutela azaldu dute: «Guatemalan erabat orokortutako pobrezia egoera bizi dute, indarkeriak eta gazteentzako aukera faltak larriagotuta. Lehen hezkuntzako ikasketak bukatzen dituzten gazteen % 50ak baino gehiagok ezin du bigarren hezkuntzara iritsi eta pandillen, lan informalaren eta miseriaren menpe gelditzen dira».
Horri aurre egiteko, egiten duten lanaren berri eman dute: «Guatemalako Fe y Alegrian dibertsifikatutako hezkuntza tekniko baten alde egiten dugu, gazteak lan munduan duintasunez murgiltzeko aukerak izan ditzaten. Zenbait tailerren bitartez hezkuntza akademikoa eta baloreena osatzen dugu. Lan bitartekaritza eta lanerako prestakuntza birtuala ere eskaintzen ditugu. Honek guztiak, gazteei aukera berriak emateko bidea zabaltzen digu».
Hirugarren Adina, Hirugarren Mundurako eta Fe y Alegria taldeei dirulaguntza ematen die Hernaniko Udalak.