Nola dago Eusko Jaurlaritzako bake eta elkarbizitza plana? Zergatik dago geldirik, eta zerk mugiarazi lezake? Hitzaldia emango du Gotzon Garmendia andoaindarrak, gaur, 19:30etan Biterin. Eusko Jaurlaritzako bake eta elkarbizitza plana eta oroimen historikoari buruz ariko da.
Aurretik, Txuso Gomezek hitz egingo du hainbat gertaera historikotaz, Hernani y el Alzamiento militar fascista.
Ajuria-Eneatik gaur egunera
Gotzon Garmendia da Lau Haizetara Gogoan elkarteko kidea, eta prozesu honetan eta aurrekoetan zuzen zuzenean parte hartu izan du, eragile sozialen aldetik. Garmendiak azalduko ditu Ajuria-Eneatik gaur egunera izan diren bake planak. Berak dioenez, Ibarretxeren plana eta Urkullurena ezberdinak dira; batek «ezker abertzalearekin aliantza» ikusten zuelako, eta besteak PSOEri gehiago begiratu dio. Klabe gehiago ere aipatzen ditu Garmendiak, adibidez, planaren blokeoan Jonan Fernandezen papera zein den, edo eragile sozialen presioak nola eragin dezakeen prozesuan.