Gazte lokalen inguruko prozesua martxan jartzeko saioa, asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2014ko urtarrilaren 19a

Parte hartze prozesuaren barruan, bost saio egingo dira. Urtarrileko biak banatuta egingo dira, hau da: gazte erabiltzaileak eta eragileak batetik, eta bizilagunak, jabeak eta adin txikikoen gurasoak bestetik. Azkeneko hiru saioak elkarrekin egingo dituzte; otsailean izango dira. Saio guztiak Biterin, 18:30etan.

Ohiturak aldatuz joan dira, eta horrekin batera, bai­ta ere gazteak elkartu eta on­do pasatzeko moduak ere. Azken urteetan gazte lokalen fenomenoa da, nabarmen he­datu den joeretako bat. Geroz eta gehiago dira, aisialdi tarte horiek pasatzeko, lokalak alkilatzen dituzten gazteak. Hori horrela, Her­naniko Udalak erabaki du prozesu partehar­tzailea martxan jar­tzea. Haus­narketa egin nahi da eta elkarbizitza oinarri hartuta, alde guztien arteko protokoloa adostu. Herrita­rren arteko elkarbizitza protokoloa da adostu nahi dena: gazteak, bizilagunak, jabeak, adin txikikoen gurasoak...

20tik gora gazte lokal daude Hernanin
Prozesu partehartzailearen aur­kezpenean, Udalak argi utzi zuen gazte lokalen joera ez duela «arazo bezala» ikusten, baina «hausnarketa bat» eskatzen duela. Hernanin 20 lokaletik gora erabiltzen di­tuzte gazteek, eta herriko auzo batzuetan besteetan baino gehiago hedatu dira; Lizeagan, esaterako.

Zein dira prozesu honen helburuak?
Prozesu partehartzailearen harira, lau helburu nagusi zehaztu ditu Udalak. Batetik, aipatu bezala, gazte lokalen fenomenoaren inguruko hausnarketa egin nahi da, gazte identitatearen definizioan jokatzen duten papera aztertuz. Lokalen fenome­noar­en inguruko ezagutza zabaltzea ere bada helburua, ikuspegi ezberdinak batu, eta osoago bat izateko asmotan. Baita ere, azterketa bat egin nahi da, lokalen baldintzak zein diren aztertu eta hausnarketa egiteko. Eta bukatzeko, hausnartu nahi da gazte lokalek sortzen duten elkarbizitzaren inguruan; hobetzeko proposamenak landu nahi dira, tartean egon daitezkeen gatazkak aztertuz eta soluziora bideratuz.

Protokoloa zehazteko, fase ezberdinak
Gazteen, bizilagunen eta lokal jabeen arteko protokoloa ze­hazteko fase ezberdinak jarriko ditu martxan Udalak, otsaila bitartean. Aurreneko fasea Udalak berak egingo du: 0 fasea deitu diote eta diagnostikoa egitea izango da helburua. Lehenengo fasean lanean ari dira orain: zenbat lokal dauden, non, zenbat ordain­tzen duten, zein baldintza dituzten, zailtasunak... Hirugarren fasea izango da partehartzailea. Au­rre­neko bileran, asteazkenekoan, gazteak elkartuko dira; eta ostegunekoan, bi­zilagunak, lokaletako jabeak eta adin txikikoen gurasoak. Eta azkeneko fasean, hiru bilera egingo dituzte, guztiek elkarrekin. Otsailaren 13an, Nolakoa da gazteen inguruko elkarbizitza? izango da gaia; otsailaren 27an, Nolako elkarbizitza nahi dugu? eta martxoaren 13an, Elkarbizitza... hartu eta eman. Bilera edo saio guztiak Biteri kultur etxean izango dira, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!