Adarragatarren kirol sena bizirik, urteroko zitan

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 19a, 01:00

- 250 neska-mutil inguruk hartuko dute parte gaur, Adarraga Memorialean. Sei lasterketa korrituko dira, kategoriaka banatuta; proba guztiak, atletismo pistan izango dira, 11:00etan. - 50garren edizioa da aurtengoa; Pepe Adarraga CD Hernaniko sortzailearen eta gainerako adarragatarren omenez antolatzen da.

ATLETISMOA tradizio askoko kirola da Hernanin eta kate horri eutsi nahi dio CD Hernanik; gaztetxoek atletismoarekin duten erlazioa man­tendu nahi dute, eta kirolak herrian duen protagonismoa indartu. Adarraga Me­moriala korrituko da gaur atletismo pistan 50garren ur­tez; bada zerbait. Pepe Ada­rraga zenaren omenez hasi ziren antola­tzen, bera izan bai­tzen CD Hernani sortu zuenetako bat. Baina memorialak, adarragatar guz­tiak izan ohi ditu gogoan, gutxi izan baitira herri honetan, kirolari hain lotuta bizi izan diren familiak.

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketarako puntuagarria
Ehundaka neska-mutilek har­tzen dute parte urtero, atletismoaren festa honetan. Anto­latzaileen arabera, Gipuzkoa osotik etorriko dira gaur ere; 250 gaztetxo inguru espero di­ra Antziolako atletismo pis­­tan. Mailaka eta sexuaren arabera banatu dituzte frogak eta guztiek puntuatuko dute Gipuzkoako Eskolarteko Txa­pelketarako. Goizeko 11:00etan hasiko da gaurko saioa, eta ordu­laur­deneko marjenarekin jo­ka­tu­ko da froga bakoitza. Ale­bin neskak lehiatuko dira lehendabizi, zeinek 1464 me­tro azkarrago egin. Atzetik, mutilak, distantzia luzexeagoarekin: 2065 metro. Infantil nesken txanda izango da ostera, 2065 metroko frogarekin; mutilek 3305 metro izango dituzte aurretik. Eta bukatzeko, benjaminak; neskek zein mutilek 890 metroko froga izango dute.

1958an aurreneko aldiz
Urte oparo asko izan ditu txapelketak; kontrapuntu gisa ordea, egin ez diren urteak ere izan dira. 1958garren ur­tean antolatu zuen CD Her­nanik kross txapelketa aurreneko aldiz, eta denbora gu­txian jarri zioten Adarraga Me­moriala izena. Pepe Ada­rraga izan zen CD Hernaniko fundatzaileetako bat, eta bai­ta aurreneko presidentea ere. Pepe hil eta berehala aldatu zioten izena lasterketari. Ko­rrikalaria eta atletismo zale sutsua zen Pepe. Pareko gutxi zituen bere modalitatean. Ez zen ordea, horregatik bakarrik nabarmentzen; korrikalariei laguntzeko sena ere, barru barruan zuen Pepek: Prudentzio Aierrari, Miguel Sukuntzari... lagundu izan zien bere ibilbidean.

Club Atletico Urumea, urte batzuetan
Adarraga Memorialak 70ga­rren hamarkadan izan zuen dizdira gehien; 1973 eta 1977 bitarteko urteak izan ziren oparoenak. Senior mailan goi mailan zebil­tzan korrikalari asko ikusi ziren Landaren: Maria­no Haro, Pepe Haro, Santiago Delaparte, Carmen Valero.... Urte haietan CD Hernani izateari utzi zion atletismo taldeak, azaldu dutenez, atletismorako dirurik ez zegoelako. Club Atl­e­tico Urumea izatera pasa ziren. Beraiek hartu zuten memoriala antolatzeko ardura, eta korrikalari hobeak ekartzeko apustua egin zu­ten. Ez zuen ordea urte luzez iraun erronka horrek, berehala heldu baitzioten berriz bertako atleten alde egiteari.

40-50ko hamarkadan, atletismoa nagusi
Beti izan du indarra atletismoak Hernanin, baina 40-50ko hamarkadak izan ziren urte ederrenak. Zaletasun as­ko zegoen, nahiz eta orduan helduek bakarrik konpetitzen zuten. Bi ekipo zituen Her­nanik: A eta B. Krosseko lasterketak bakarrik korritzen zituzten orduan eta gairapen garrantzitsuak lortu zituzten atleta hernaniarrek. Atletis­moan aritzen zen emakume askorik ez zen garai haietan, baina Hernanik bazuen bat, ona, pertiga saltoan: Carmen Adarraga. Umeekin lanean 80garren hamarkadan hasi zen CD Hernani. Migel Angel Garin, Baldomero Jimenez eta Manu Irastorza aritu ziren lan horretan, eskolekin elkartu eta atletismoa sustatzeko go­goz. Or­dutik korrikalari on asko eman ditu CD Her­nanik.

Atletismo pistari esker, modalitate guztiak
Azken urteetan atletismo pistak on asko ekarri dio atletismoari. Kross hutsera dedika­tzetik, atletismoaren modalitate guztiak egitera pasa da CD Hernani. Antolatzaileek dio­te, pisten aurretik, eskoletara jo behar izaten zutela, bertako ma­teriala aprobetxatzera. Orain ordea beharrezko guztia dute, eskura: materiala, lekua, distantzia egokiko pista, aldagelak... Atletismoa indarra har­tzen ari da berriz ere Her­nanin, eta egun 125 atleta inguruk osatzen dute taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!