Hirugarrena ere Urrizarentzat izango al da?

Kronika - Erredakzioa 2014ko urtarrilaren 18a

Urriza eta San Miguel aurrez aurre izango dira gaur berriz, banakako final batean, eta errebantxa kutsuko finala izango da. Bi erremontistak bitan neurtu dira antzeko final batean eta bietan nagusitu da Iruñeako aurrelaria. Aurreko urteko Masterrean 30-18 irabazi zion San Migueli eta udan, Banakako Kutxabank Txa­pelketan ere, 30-24 irabazi zion. Urriza da faborito. Finala Galarretan jokatuko da. 16:00etan hasiko da jaialdia eta bigarren partidua izango da.


Urriza materialarekin haserre
Ostegunean aukeratu zuten finalerako materiala eta Urriza ez zen batere gustora geratu. Iruñeako aurrelariak haserre hitz egin zuen eta enpresatik gauzak zaildu egin nahi izan dizkiotela ulertarazi zuen: «Dezepzio­na­tuta nago, haserre ez esatearren. 24 pelota zeuden aukeratzeko eta lau bakarrik zeuden komeni zaizkidanak. Gainerako 20ek bote haundiegia zuten eta neretzako kaltegarriak ziren. Baita ikuskizunerako ere. Guztien artetik, hain txarrak ez ziren 4 pelotak aukeratu ditut». San Miguel oso ona da saka­tzen eta Urriza beldur da material honekin ez ote dizkion tanto asko sakez egingo: «San Miguelek egun ona baldin badauka, 15 tanto ere egin ditzazke sakez».
San Miguel, bere aldetik, lesio bat gainditu berri da; hilabete eta erdi ondoren bueltatu da kantxara: «Aurreneko partidua jokatu nuenean ez nintzen eroso sentitu, baina hobetzen joan naiz. Orain oso gustora nago, ez dut minik sentitzen eta errekuperatuta nago». Orain arteko bolada haustea du helburu. Dena dela, Urrizak esandakoarekin ez dago ados: «Erraz esaten da 15 tanto egin ditzakedala sa­kez, baina errealitatea beste bat da. Kopuru horretara iristea ia ezinezkoa da. Ira­bazteko, ondo sakatu beharko dut, baina baita asko peloteatu eta ondo». Bestela, ez dago zer eginik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!