Modu berezian ireki zuten atzo Astigarragako txotx denboraldia, Kalakan musika taldeko kideek. Munduan hain ezagun egin dituen Sagarra jo! abestia ekarri zuten, aurreneko txotxa egiteko momentura. Urteroko ohiturari ere eutsi zioten, «gora gure sagardo berria» esanez. Jamixel Bereauk azaldu zuen, sagarrak eta Kalakanek beti izan dutela lotura berezi bat, eta baita sagardoak ere. Halako momentu garrantzitsu bat eurekin ospatu nahi izatea «ohore bat» dela gaineratu zuen.
Txotx irekiera Alorrenea sagardotegian egin zen eta bertan elkartu ziren Astigarraga eta inguruko herrietako Udal ordezkari, arduradun, sagardogile eta eragile mordoxka.
Fruitu freskoaren sentsazioa
Aurretik, prentsaurrekoa izan zen eta Joxe Angel Goñi Sagardogileen ordezkariak sagardo berriaren ezaugarriak azaldu zituen: «Hori-berdexka koloreko sagardoa da, lehorra, txinparta finekoa eta ahoan fruitu freskoaren sentsazioa uzten duena. Sagardo orekatua, freskagarria eta arina zain dugu gure sagardotegietan».