Errumaniarren kanpamenduari buruz jakin beharrekoa, dokumentalean ikusgai gaur

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 16a, 01:00

‘Balta txuria, Balta berdea. Urumearen zurrumurrua’ izeneko dokumentala egin du SOS Arrazakeriak eta gaur emango dute 19:00etatik aurrera, Biterin. Ondoren, hizketaldia izango da.

Hernanin eta Astigarra­gan errumaniarren kanpamenduak daudela gauza jakina da, baina ba al dakigu nola bizi diren, ze bilatzen duten, ze baldintza dituzten edota instituzioek ze plan jarri duten martxan integrazioa bultzatzeko? Hori guztia bil-tzen duen dokumental bat egin du SOS Arraza­keriak, Balta txuria, Balta berdea. Urumearen zurrumurrua izenekoa, eta gaur emango dute Hernanin. Biterin izango da ikusgai 19:00etatik aurrera. Ordubeteko iraupena du dokumentalak eta ondoren, hizketaldia izango da. Besteak beste, bertan izango dira: Agustin Unzurrunzaga (SOS Arrazakeria), Andoni Gartzia (Astigarragako alkatea), Sorina Lunca (kanpamenduko bizilagun ohia), eta Gloria Mendinueta (Herna­niko Ongintzako zinegotzia).

Horrelako praktiken berri eman beharra
Anaitze Agirre dokumentalaren bi zuzendarietako bat da eta helburua zein den azaldu du: «Alde batetik, argi erakustea ze onuragarria den instituzioek horrelako praktikak aurre­ra eramatea, Europa Ekialdeko ijitu etniako pertsonen integrazioa bultzatzeko. Bestetik, iritzi publiko ezkor eta estereotipatuari aurre egitea. Eta azkenik, beraiei hitza ematea». Dokumentala 2012ko abendua eta 2013ko uztaila bitartean egin da eta 17 lagunei egindako elkarrizketak biltzen ditu.

2017ra arteko plana
Hernaniko eta Astigarragako Udalek, interbentzio plan bat jarri dute martxan, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoa­ko Diputazioaren laguntzarekin. Plana 2017ra arte luzatuko da. Helburua da, ordurako kanpamenduko bizilagunek integrazioa lortzea eta kanpamendua hutsik gera­tzea. Bizila­gunek konpromiso bat sinatu dute, bertan ezarritako baldintzak betez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!