Zer da fiskalitatea? Ze eredu behar da? Halako galderak gizartean dabiltza eta horiei erantzuteko asmoz, hitzaldia antolatu du Natzak, bihar. Itziar Miner Gipuzkoako Foru Aldundiko Zerga eta Finantza politikako zuzendariak emango ditu azalpenak, 19:30etan, udaletxeko Areto Nagusian. Minerrek dio ideia bat dela abiapuntua: «Zerga sistema edo fiskalitatea herri bat antolatzeko tresna garrantzitsuenetako bat da. Gehien duenak ekarpen haundiagoa egin behar du sektore publikoaren beharrei aurre egiteko».
Sektore publiko indartsu bat sortzeko
Eredu aldaketa posible dela azaldu du ereñotzuarrak eta norabide horretan ari direla pausoak ematen Diputazioan: «Proposatzen eta aurrera eramaten ari garen zerga politika, ezinbesteko tresna da sektore publiko indartsu bat sortzeko. Eta ez bakarrik krisi egoeran, eraiki behar duguna da zerga sistema justu eta progresiboa; baliabide egonkorrak ekarriko dituena euskal gizartearentzat».
Iruzurrarentzat lekurik gabe
Minerrek gaineratu du, sektore publikoak herritarrek eskatzen dituzten oinarrizko zerbitzuak ziurtatzeko, sarrerak behar dituela. Eta murrizketarik ez egiteko, sarrerak haunditu behar direla. «Sarrera horiek gehien duenak ekarpen haundiagoa eginez bildu behar direla pentsatzen dugu, eta horregatik, zerga sistema bat diseinatu behar da bakoitzak bere ahalmenaren arabera ordaintzeko. Hori horrela, dagokien guztiek ordainduko dute, iruzurarentzat lekurik gabe; eta gehien duenak gehiago aportatuko du», dio.
Tresnak eskuratu beharra
Minerrek azpimarratu du, BEZean eta zerga berezietan, «herritarrentzat oso garrantzitsuak eta sentsibleak diren zergetan», ez dutela subiranotasunik; «ez dugu eskumenik arauak egiteko. Osotasunean zerga sistema osatzeko elementuak falta dira». Hori horrela, bi ildo jarraitzen dituzte: «Ditugun eskumenak aprobetxatuz zerga sistema justu eta progresibo bat eraikitzea (errenta zergan, enpresen irabaziei dagokionez, aberatsei dagokionez); eta behar ditugun tresnak eskuratzea zerga guztiak arautzeko (BEZ edo IVA zergan, besteak beste)».
Honi buruz eta beste aldetik, EAJ-PSE-PP alderdiek abiatu duten «kontraerreforma» fiskalari buruz ariko dira bihar.