%20, %30, %40 edota %50eko beherapenak daudela ikusi daiteke egun hauetan Hernaniko komertzioetako eskaparateetan. Izan ere, neguko merkealdia hasi da arropa, oinetako eta etxerako materialetan. Ofizialki, urtarrilaren 7an hasi ziren beherapenak eta martxoaren 31era arte luzatuko dira. Dena dela, denda batzuk atzo hasi zuten merkealdia eta noiz arte luzatu ere, mugimenduaren arabera erabakiko dute. Eta eguraldiak ere eragina izango du. Hernaniko Kronika hiru dendatan izan da merkealdia nola dijoan jakiteko asmoz.
Irigoyen: «Gure kasuan, jendeak ez du hainbeste itxaroten merkealdira»
Irigoyen zapata dendak atzo ekin zion neguko merkealdiari eta ohi baino mugimendu gehixeago izan arren, normalean bere bezeroak ez direla merkealdiaren zain egoten azaldu du Nieves Irigoyenek: «Denetik dago. Badira batzuk itxaroten dutenak, baina normalean jendeak Gabonetan egiten ditu opariak eta gero, behar duena erosten du, behar duenean».
Neurriaren arabera ere badela dio, zenbaki batzuk berehala bukatzen baitira. Komunioei begira, jendea mugitzen ari dela ere azaldu du.
%20ko beherapena jarri dute aurtengo denboraldiko produktuetan. Aurtengoak ez diren oinetakoetan eta pare sueltoetan, deskontu haundiagoak aurkitu daitezke. Etxeko zapatiletan, berriz, urte guztian prezioa mantendu egiten dute.
Ilargi: «Hotz gehiago eginez gero, hobe»
Ilargi dendako Marijo Sainzek azaldu du, beherapenen aurreneko astea nahiko lasai joan dela, «Gabonetan bertan jada izaten baitira hainbat deskontu». Pixkanaka mugimendu gehiago hasiko dela uste du. Hemendik pare bat aste barru, gainera, %50eko deskontuarekin hasiko dira. Orain, %30ekoak dauzkate. Jendeak normalean, jantzi potoloak, berokiak eta antzekoak erosteko aprobetxatzen dituela beherapenak dio Sainzek. Baina eguraldia ez omen da ari askorik laguntzen: «Eguraldi txarra ez da komeni. Eguraldi ona egitea nahi dugu jendea kalera atera dadin erosketak egitera, baina hotz gehiago egin behar du».
Bestalde, Sainzek azpimarratu du herriko komertzioetan erosteak duen garrantzia eta herritarrak animatu nahi ditu denda txikietan kontsumitzera.
Oihalan ere, hotzaren zain
Arropa eta oinetakoez aparte, etxeko materialean ere badira beherapenak. Oihalan %20ko deskontuak dauzkate neguko gauzetan: maindireak, mantak, etxeko arropa, pijamak... Salmentan, eguraldiak asko eragiten duela dio Kontxi Arruartek ere: «Eguraldi onarekin gutxiago saltzen da neguko materiala; hotzarekin errazago da».
Baserritar jantziak saltzen dituzte batez ere Oihalan eta horiek ez dute beherapenik. Urte guztian berdin mantentzen dituzte.