Plaza bete jendek eta ‘Kontrako Eztarriak’ uzta berriari hasiera eman zien atzo

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 13a, 01:00

Datozen lau hilabeteetan sagardoaren kulturarekin gozatzeko dei egin zuten. ETBko Kontrako Eztarria saioko kideek egin zuten ohi «Hau da Hernaniko sagardo berriya!».

Asier Olaizolak ireki zuen txotxa eta lehenengo tragoa Kontrako Eztarriarentzat izan zen; ETBko Kontrako Ezta­rria saioko kideentzat, alegia. Gu­darien plaza leporaino bete zen, eta sagardoaren festa haundienari ongi etorri ederra egin zieten, modurik egokienean, txotxetik tragoa eginda.

Sagardoaren kultura, Hernaniren bihotzean
Sagardoak ontzen ari dira Hernaniko 12 sagardotegietako kupeletan, eta oraintxe da probatzeko garaia, botilan sartu eta gero zer eratako sagardoa izango den jakiteko. Sagar­do berriak beti izan du aprezioa, eta jendetza haundia etorriko da beste behin ere Hernaniko sagardotegiak eta Hernaniko he­rria ezagutzera.

Lehendabiziko tragoa hartzea ohore bat izaten da, eta atzo ohore hori bost laguni egokitu zitzaien, eta ETB­ko Kontrako Eztarria umore saioko ordezkari gisan: Xa­bier Eguzkitze, Anjel Alkain, Jon Plazaola, Iker Galartza eta kasik hernaniarra den Paulino Ibargoien.

Gustora egin zuten urteroko oihua, basoak gora jasota: «Hau da Hernaniko sagardo berriya». Eguzkitzek eskertuta hitz egin zuen, beraiei ohore hori emateagatik, eta Alkainek eta Paulinok txiste bat eta guzti kontatu zuten.

Azpiegitura prest
Txotx garaiak azpiegitura haundia eskatzen du, eta Luis Intxauspe Alkateak adie­razi zuen, dena prest dela datozen lau hilabeteetarako: zerbitzu bereziak, es­kain­tza bereziak... Zentzuz jo­katzeko eta Her­nani ondo zaintzeko deia ere egin zuten. Hamabi sagardotegietako ordezkariak hor ziren, Berriak elkarteko kideak, Tolarea Kofradiakoak, Kaxko auzo elkartekoak... 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!