Aurten gutxigorabehera 9 miloi kilo sagar ekarri dira kanpotik; beraz, egindako sagardo guztiaren %30 inguru egin da bertako sagarrarekin. Leku gehienetan ez da sagarrik izan, baina Hernani da salbu geratu den tokietako bat, sagarra izan baitute sagasti askotan. Goierrin eta barrualdean ez da sagarrik izan apenas. Kostaldean eman du, baina leku batzutan bakarrik...
Horregatik, aurten sagardo urte berezia izan dela esan liteke, baina ez horregatik aurrekoak baino txarragoa. Nekez lortu litezkeen ezaugarriak ditu aurtengo sagardoak: garaiz xamar egina dagoen sagardoa, eta luzera iraungo duena mikatz dezente daukalako.
Beranduko uzta
Sagardoaren ezaugarri bati buruz hitz egitea zaila da aurten, Juan Zuriarrain enologoak dioenez. Kanpotik sagar asko ekarri behar izan da, eta horrek emaitza ezberdinak emango ditu: «jatorri ezberdinetatik etorri da sagarra, barietate ezberdinetakoa, baldintza ezberdinetan... horregatik, aurtengo sagardoaren ezaugarriei buruz hitz egitea ez da batere erraza».
Bertako sagarrak ze emaitza eman duen, ordea, nahiko aztertua dauka Zuriarrainek. Aurreko urteetatik oso ezberdina izan dela dio, eta horrek ezaugarri bereziak eman dizkiola aurtengo sagardoari. «Berandu heldu zen sagarra, eta heltzeko garaian beroak egin zituen. Horregatik, mikatza dezente du eta gozoa ere bai. Sagardoak lehor puntu haundia dauka, eta egin xamarrak daude. Iaz baino mikatz gehiago daukate, eta horrek luzeago iraungo duen sagardoa dela esan nahi du. Usai gozo ederrak, konpota puntu bat dutenak...».
Xabier Kamio enologoak ere halatsu adierazi dio Kronikari: «uzta beranduago izan da, eta gutxiago heldu dira iaz baino. Aurten aroma loredunak izango ditugu, eta freskotasuna izango dute sagardoek».
Komertziala eta autore
sagardo bereziak, bi joera
Sagardogintza asko aldatu da, eta onera egin duela diote bi enologoek. «Batez ere, garai bateko sagardo akasdun haiek bukatu egin dira, eta hori berez asko da», dio Kamiok. Orain gauza ezberdina nahi omen dute bai sagardogileek eta bai kontsumitzaileek, eta hori ona omen da sagardoarentzat. Zuriarrainek bi joera bereizten ditu: «batetik dago joera komertziala, eta bestetik joera bereziagoa edo pertsonalagoa. Komertzialak bilatzen du sagardo argiagoa, fina, aromatikoa, berdinagoa eta freskagarri puntu haundi batekoa. Bigarren joerak, pertsonalizatzea eskatzen du, bereiztea beste sagardotegietatik, bakoitzak berea bilatzea. Hor dauzkagu sagardo mikatzagoak, luzeago irauten dutenak ‘erreserba’ baten moduan, edo sagardo gozoagoak, merkatuak hala eskatzen dituelako... sagardo espumosoak ateratzen ere hasiak dira! Nik uste dut, bigarren joerak etorkizun gehiago duela».
Iritzi berekoa da Xabier Kamio ere. «Bakoitzak bere estiloa zein den jakin behar du. Batzuk sagardo helduagoak nahi dituzte, beste batzuk arinago eta freskoagoak... merkatuan zer dagoen ere jakin behar da. Lehen sagardoa produktu kulturalagoa zen, eta orain jendeak shushia ere jaten du, eta hortara moldatu beharra dago».
Sagardo mota bat edo beste egiteko, sagarra ezagutu behar omen da, eta hor ere aurrera egiten ari omen gara. Kamioren iritziz, «orain urte batzuk baino askoz hobeto gaude. Inbestigazioa aurrera dijoa eta sagarra gehiago ezagutzen da, hori da klabea, sagar bakoitzak zer ematen digun jakitea». Zuriarrainek dioenez, bertako sagar barietateekin berez nahikoa da edozein sagardo mota egiteko. «Dudarik gabe, hemen 300 sagar barietate dauzkagu, eta hori nahikoa da guk nahi ditugun sagardo klase guztiak egiteko».
«Gero eta sagasti gehiago jartzen ari dira»
Aurten ere sagar landare guztiak bukatu egin omen dira. Sagastiak jartzen ari da jendea, eta inguruko mintegi edo muttegiak ez dute nahikoa landare izaten. Aitor Etxeandia hernaniarra da Sagarlaneko kidea, eta 70 sagasti inguru asesoratzen ditu. Hark dio, sagastia jartzez gero, lurjabea izan beharra dagoela, lurra erostea oso garestia delako. Hala ere, lurra daukanari gomendatuko omen lioke sagasti bat jartzea. «Lurra izanez gero bai, merezi duela uste dut».
Utzitako sagasti asko ikusten den arren, orokorrean asko hobetu omen da sagastien egoera. «Jendeak gero eta gehiago zaintzen ditu sagastiak, eta hori produkzioan asko antzematen da: kimatu, belarra moztu, tratamenduak egin (bai produkzio integratuan eta bai ekologikoan), ongarritu... jasotzerakoan ere, noiz jaso sagar barietate bakoitza...», gauza askok eragiten dute uztan, baina gero eta gehiago kontu egiten omen zaio horri ere.
Gaitz nagusirik izango ez duten landareak lortu nahian dabiltza orain, eta Etxeandiak dio esperantza haundiak dituela. «Landare amekin ari gara lanean, eta lortzen ari gara bi gaixotasun nagusiei erresistentzia dien landarea. Lehenengo landareak sartuta daude, eta bi urte inguru pasako dira emaitzak ikusteko».