«Gustatzen zait mundu hau eta inbertsio modura hartua daukat»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 12a, 01:00

Jon Peñarentzat sagardo mundua ez da hain arrotza, dagoeneko. Akarregi sagardotegia hartu zuela zazpi urte badira, eta irabazi haundirik ez badaukate ere, gustatzen zaion mundua da sagardogin­tzarena. Bi soziok hartu zuten negozioa, eta orain bera bakarrik ari da. Zortzi orduko lana konbinatu behar izaten du sagardotegikoarekin, eta in­bertsio moduan daukala dio, gustatzen zaion mundua delako eta esperantza daukalako aurrera begira. «Gusta­tzen zait mundu hau eta inbertsio mo­dura hartua daukat».

Txotxean gehiena, eta menu berezia astez, 21 euroan
Krisia bete betean harrapatu dute Akarregin, eta Peñak dio, berak ez dituela gogoratzen txotxeko urterik onenak. «Apar hura ez genuen bizitu, eta horrek alde bat ere badauka, jaitsierarik ez dugulako nabaritu, besteek bezala».
Akarregin txotxean lan egiten dute batez ere. Urta­rrilaren 24an ireki eta maiatza hasiera arte ariko dira, buru belarri, asteazkenetik igandera. «Bost pertsona aritzen gara, eta ni beti hemen izaten naiz. Gus­tora nago taldearekin; sukaldariak ere, Ainarak, sei urte daramazki, eta mar­txa hartua dauka».

Sagardotegiko menua ema­­­ten dute, 29 euroan, eta bakailaoa saltsan ere bai, enkarguz. Nahi izanez gero, 21 euroko me­nua ere badute astean ze­har: tortila nahikoa, txuleta, gaz­ta, menbrilloa eta intxaurrak.  

Herritik pauso batera
Gaur egun sagardotegira ko­txean joateak kezka sortzen dio jendeari, edanda gidatzeak duen arriskuagatik. Alde horretatik, Akarregi erremedio ederra da jendearentzat, herritik pauso batera dagoelako. «Oinez etortzeko 10 minutu daude herritik, eta autobusa berriz hementxe ondoan geratzen da, 10 metrora».
 
Botilako merkatua zail dago

Erronka nagusia botila dute Akarregin, aurrera begira. «48.000 litro egiten ditugu hemen, eta ia dena txotxean edaten da. Hortik aurrerakoa botilan saltzen da, baina gutxi. Ez da erraza botilako merkatuan sartzea, eta erronka horixe dugu aurrean». Aurten sagar gutxi izan da inguruetan, eta Frantzitik ekarri omen dute sagarra. «Normandiako sagarra ekarri dugu erabat. Han kontaktua dugu, eta iaz ikusi genituen sagastiak. Emai­­tza­re­kin ere gustora gaude. Aromak baditu eta gorputza ere bai».

Bidea egiteko animoz dago Peña, eta izan duen laguntza ere eskertu nahi du. «Javier Rufinokoak edo Alorrene­ko­ak asko lagundu didate, eta gehiagok ere bai».

«Hernaniko sagardogileak elkartuago gaude»
Hernaniko 12 sagardotegiak elkarlanean aritzen dira urtean zehar hainbat ekintzetan. Bi ordezkari dituzte sagardogileek, Akarregi eta Itxasburu. Pe­ñak dio gustora ari dela lan horretan. «Her­naniko sagardogileak elkartuago gaude. Ha­rre­man ona dugu Udala, tabernari eta herritarrekin, eta hori interesgarria da, aurrera eman beharreko pausoetarako».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!