«Saiatzen ari gara sagardotegiari beste buelta bat ematen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 12a, 01:00

Jose Luis Medrano sagardotegian harrapatu dugu, oraintxe berritu eta haunditu duten aparkalekuari begira. «Egin beharra zegoen. Jendeak lekua behar du aparkatzeko, eta kamioiren bat sartzeko ere ondo dago horrela».
Itxasburun etengabeko ho­bekuntzan ari dira, «kosta egiten da, baina pixkanaka gauzei beste buelta bat ematen saia­tzen ari gara». Inbertsio batzuk egin dituzte eta dotore jarri dituzte inguruak, baina batez ere, sagarra eta sagardoari eman diote garrantzia, azken urteotan. 1.700 sagarrondo ba­dituzte, eta behar duten sagar ia dena horrek eta inguruko sagastiek ematen die. «Bertako sagarrarekin ari gara lanean, ia erabat, eta bertakoaren artean batez ere etxekoarekin».

Urtean 70.000 litro eta bi aukera botilan
Guztira Itxasburun 70.000 litro sagardo egiten dira urtean. Horietatik gehienak etxeko saga­rrarekin, eta aurten ere bai, %80 inguru hala egin dute. Txotxean dezente edaten da, baina botilan ere lan haundia egiten ari dira Itxas­burun. Betiko botilaz gain, Eusko Label ziurtagiria daukan sa­gardoa egiten dute, %100 bertako sagarrarekin egina.

«Ona, denoi gustatzen zaigu»
Sagardogile guztien apustua da sagardo ona egitea. Itxas­burun ere nahasketa perfek­tua­ren bila ibiltzen dira: «go­zoa, gazia eta mikatza behar ditu sagardoak, eta horiekin jolas egin behar da edari ona bilatzeko». Batzuei era batekoak eta besteei bestekoak gustatzen zaizkie, baina onak, denei gustatzen omen zaizkie. «Ona, denoi gustatzen zaigu, eta hor ez da dudarik izaten». Orokorrean edan errazak bila­tzen dituzte Itxasburun, ez oso azidoak, eta fruta usaia dutenak. «Ez Asturiasekoak bezain ahulak, eta ez lehen izaten zirenak bezain gaziak».

Biltzetik kupelera egun berdinean
Bertako sagarraren alderik haun­diena da, sagarra askoz azkarrago iristen dela kupelera, biltzen denetik. Hori da Medranok diona. «Goizean goiz sagarra biltzen hasi, eta egun guztian 5.000 kilo inguru biltzen baditugu, horiek jo, eta kupelera sartzen dira. Joaldi bakarrean dena ez dela kabi­tzen? Gehienez ere hu­rrengo egunean joko dugu. Kanpotik datorren sagarra, nahi gabe ere beste tratu bat hartuta iristen da hona: denbora, pila haundiak...».
Horregatik, lau hektarea sagasti dituzte Itxasbu­run, ia 30 sagar barietate, eta urtero landare gaztea sartzen ari dira. «1.700 sagarrondo izango ditugu, eta aurten ere 90 landare gazte sartu ditugu. Goikoe­txe, Urtebi, Txalaka, Moko... 
30 barietate inguru baditugu».

Txotxerako dena prest
Inbertsioak eginda, dena prest daukate txotxerako. Ja­nare­kin ere jendea beti gustora atera­tzen da Itxasburutik, eta horretarako sei langile aritzen dira txotx denboraldian. As­teaz­kenetik igandera ematen dute; igandean eguerdiz bakarrik, eta astegunetan gauez (eguerdiz ere bai, baina enkargatuta).
Eta otorduaren ostean, kafea. Hori da Itxasburun falta ez den beste zerbitzu bat. «Kafea ematen diogu kanpotik datorrenari ere. Hori beharrezko zerbitzua da gaur egun».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!