Alberro - Joxe Mari Alberro:
«Gustora gaude
aurtengo sagardoekin; politak daude»
Alberron prestaketak bukatu dituzte eta denboraldirako ilusioz dira. «Aurten sagar pixka bat kanpotik ekarri behar izan dugu, eta nahiko ona etorri da, gustokoa. Asturiasetik adibidez oso sagar ederra etorri da eta sagardoak ere halaxekoak daude; kolorez kargatuxiagoak, baina gazi gutxiagorekin, eta edan-errazak. Asteburutan jendea izaten da eta ea astez ere pixka bat animatzen zaigun, herritik pauso batera dago-ta».
Goiko Lastola - Laxaro Etxabe:
«Larunbat eguerdiak eta igande eguerdiak onak izaten ditugu»
Goiko Lastolak sagardotegi txiki baten goxotasuna eskaintzen du. «Sagardoa dena bertako sagarrarekin egin dugu; atzera antxean dator baina joan den urteko tankera dauka; sagardo argixeagoak akaso, kolore ona daukate. Gu txikiak gara eta etxeko giroan egongo da hona datorrena. Intentzioz ari gara, eta txotxean lan egiten dugu batipat, eta larunbat eguerdiak eta igande eguerdiak onak izaten ari gara».
Elorrabi - Bautista Goikoetxea:
«Betiko menuaz gain erruz ateratzen ditugu: pulpoa, zapoa, antxumea...»
Azken prestaketak egiten ari dira Elorrabin, denboraldirako. «Sagardo aldetik ikusteko dago nolako sagardoa izango den, guk nahi baino gutxiago izan delako hemen. Janarietan aukera zabaldu dugu eta estimazio haundia izan du, betiko menuaz gain erruz ateratzen ditugu pulpoa, zapoa, legatz isatsak labean edo antxumea bera... Eta laister hasiko gara pabeiloi berria egiten ere, horiexek ditugu gure erronkak».
Iparragirre - Arantxa Eguzkitza:
«Etxean izan dugu sagarra, eta Labelerako erabiliko dugu»
Berrikuntzak topatuko ditu aurten Iparragirrera joaten denak. «Obra serio bat egin dugu, eta txotx garaian estetikoki aldaketak nabarituko ditu Iparragirrera datorrenak. Sagardoarekin ere gustora gaude. Etxean izan dugu sagarra, dena ekologikoki produzitua, eta hori Labeleko sagardoa egiteko erabiliko dugu; gainerakoa kanpotik ekarri dugu. Eta aurrera begira, apustu berriak ikusiko dira Iparragirren».
Altzueta - Ibon Alkorta:
«Oso gustora gaude sagardoarekin, eta aurten puntu berezi bat dute»
Sagar urte exigentea izan dela dio Altzuetak aurtengoa. «Eguraldia bezala, sagarrak parametro bereziak eman ditu aurten, baina oso gustora gaude emaitzarekin, eta gainera puntu berezi bat ere badute... Aurrerako erronkak garbi ditugu. Fraisoron kontrol organoleptiko oso jakinak pasatzen dituen sagardoak jantzi ahal izango du txapel beltza. Horrek ziurtatuko du, txapel beltza duen sagardoak erabateko garantia ematen duela».
Larre-Gain - Joxe Lasarte:
«Bertako sagarrarekin egin dugu dena, eta mikatz ederra daukate»
Larre-Gainek bertako produktuaren aldeko apustua egiten du. «Orain urte batzuk konpromisoa hartu genuen bertako sagarra erabiltzeko dena, eta hala egin dugu aurten ere dena bertako sagarrarekin. Sagardo ederrak daude, iazkoak baino sekoxeagoak, mikatz ederrekoak. Guk bertako produktuarekin lan egiteko erronka daukagu. Larre-Gainera datorrenak sagardotegi txiki bat topatuko du, betiko sagardotegitik gertu dagoena».
Zelaia - Oihana Gaincerain:
«Aurten txinparta fina du sagardoak, fruta freskoak gogora ekarriko dizkigu»
Zelaia sagardotegian sagardoa eta janaria mimatzen jarraitzen dute urtetik urtera. «2013ko uzta ez da haundia izan, baina kontzentrazio oneko sagarra izan dugu. Sagardoak ondo irakin du; txinparta fina du eta fruta freskoak gogora ekarriko dizkigu. Zelaian sagardo ona eta txotx giro tradizionala topatuko ditu jendeak, kalitatezko platerekin. Eta aurrera sagardoa ulertzen eta mimatzen segiko dugu, bere distira onena eman diezagun».
Rufino - Javier Ansorena:
«Txotxean ondo ari gara lanean, eta esperantzaz gaude aurrerako ere»
Rufinon hasiak dira uzta berriko lehendabiziko kupela enboteilatzen. «Ez da seinale txarra, horrek esan nahi baitu iazko sagardoak bukatu direla. Gauza jaitsi egin da, baina ez gaude kejatzeko moduan. Rufinon iaz ere ondo egin genuen lan txotxean eta aurrerako esperantzaz gaude. Sagardotegiko menu on bat eta sagardo aukera polita. Aurten sagarra kanpotik ekarri dugu, bi urtero tokatzen den gisan, eta sagardo onak daude».
Otsua-enea - Ximon Etxeberria:
«Otsua-enean laguntasuna eta genero ona topatuko ditu jendeak»
Iaz sagardotegia berrituta, gustora dira Otsua-enean. «25 urte ireki genuela, eta itxura berria eman genion iaz. Sagardozaleak gustora egongo dira Otsua-enean. Laguntasuna eta genero ona topatuko ditu jendeak. Sagardoarekin aurten ilusionatuak gaude, gorputzez, kolorez... Sagardotegiko menuaz gain, bakailoa saltsan arrakasta izaten ari da, eta astez beste arrairen bat eskatzeko aukera ere ematen dugu».
Akarregi - Jon Peña:
«Nabaritzen da jendea igandeetan gehixeago animatzen ari dela»
Akarregi krisiari aurre egiteko gogoz topatu dugu. «Gure kasua berezia da, orain zazpi urte ireki genuen sagardotegia, eta krisiak bete betean harrapatu gaitu. Horrek esan nahi du, beste batzuek nabaritu duten jaitsierarik ez dela izan gurean. Larunbatetan mugimendua izaten da, eta azken urteetan nabaritzen da jendea igandeetan gehixeago animatzen ari dela. Gu herritik pauso batera gaude, eta hori bilatzen du jendeak».
Itxasburu - Jose Luis Medrano:
«Txotx denboraldia bolada bat denez, jendea animatu egiten da»
Ilusioz daude Itxasburun txotx denboraldirako. «Bai horixe. Iaz ere lan pixka bat egin genuen, eta aurten ere esperantza badugu. Krisia nabaritu dugu, dudarik gabe, baina jendeak ez dio utzi erabat etxetik ateratzeari. Txotx denboraldia bolada bat izaten da, eta jendea animatu egiten da tarteka sagardotegira».
«Guk nahi dugu etortzen den hura gustora ateratzea. Jan ona, edari ona... eta kafea nahi duela? Kafea».
Olaizola - Asier Olaizola:
«Iazko sagardo berdintsuak daude, gorputz gehixeagorekin»
Sagardotegian berrikuntzak egiten ari dira Olaizolan pixkanaka. «Denboraldia prest dugu ia. Bertako sagar gutxi izan da baina sagardoak iazko berdintsuak daude, gorputz gehixeagorekin. Olaizolan sagardo polita topatuko du datorrenak; giro lasaia, familikoa, eta txuleta bikaina. Gure erronkak ere hortik dijoaz, sagardo gero eta hobeak egitea, eta jendea gustora egon dedin, sagardotegia berritzen joatea pixkanaka.