Kontrako Eztarria saioko kideek irekiko dute gaur Txotx denboraldia, eta gustora hartu dute omenduek, dozenatik gora lagun etortzekoak omen direla jakin baitu Kronikak, esku onetik. ETBko saioak sekulako sona irabazi du, eta horien artean famatuena egiten ari den Paulinorekin hitz egin du Kronikak, Hernanirekin daukan loturagatik.
Usurbildarra edo hernaniarra?
Oraindik polemika dago ni hernaniarra naizen edo ez, jeje. Asko dira usurbildarra naizela ez dakitenak, eta nik ere, Hernani sentitzen dut nere herria balitz bezalaxe.
A ze arrakasta zuen programak!
Bai. Oso pozik gaude. Arrakasta izan du jendearen artean, euskeraz da, eta euskerari bultzada eman nahi diogu. Pozgarria da erantzun hau.
Ilusioz lehenengo tragoa edateko?
Ilusio haundiarekin. Lanean gogoz ari gara, eta horrelako gonbiteek indarra ematen dute. Taldeko denak etorriko gara, 15 bat lagun, pentsa!
Zer da sagardoa zuentzat?
Sagardoa gurea da, eguneroko ura.
Zer esango diezue hernaniarrei?
Hasiera ona emateko, tabernetara joateko, eta sagardoa edateko.