Gernikako bonbardaketari buruzko erakusketa, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 11a, 01:00

Erakusketa jarri dute Biterin, nazien hegazkinek Gerra Zibilean Euskal Herriko bonbardaketan izan zuten parte hartzea azalduz. Batez ere, Gernikako sarraskian izan zuten eskuhartzeari buruzko dokumentazioa dago. Condor Legioak eragindako Gerni­karen suntsipena izena du. Baskale Elkarteak antolatu du Lau Haizetara Gogoan plataformaren babesarekin. 

Erakusketa Alemaniako historialari batzuek osatu dute eta Baskalek Euskal Herrira ekarri du, askok ezagutzen ez dituzten gertaeren berri ematen delako. «Hutsune historiko hau­ek betetzea izan da gure asmoa», diote. Esaterako, bertan azaltzen da aspaldikoa zela Espainia eta Alemaniaren arteko lankidetza armamentistikoa. Besteak beste, militar alemaniarrek laguntza eman zioten indar kolonial espainiarrari Rifeko gudaren azken momentuan. Erakusketan, 17 panel informatibo daude eta liburuxka bat ere badago, informazio guztiarekin. 

Orain arte erakusketa egon da Gernikan, Laudion, Urdu­ñan, Bilbon, Oreretan, Elgetan, Algortan eta Donostian. Herna­niko erakusketa bukatu ondoren, herriz herri jarraituko dute zabaltzen. Biterin, urtarrilaren 21era arte izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!