Gaur ekingo diote ligari, Loiolako estropadarekin

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 11a, 01:00

Gaur hasiko da Gipuzkoako Batel Liga. Aurreneko jardunaldi hau, Hernaniko Arraun Elkarteak antolatu du eta aurreko urteetan bezala, Loiolan izango da. Aurten, ordea, ibilbidea Loiolatik Txomin Enea aldera izan beharrean, bestalderuntz egingo dute, hau da, Ur-Kirolaken egoitza ingurutik atera eta Amara aldera.

8 batel, Hernanitik
Infantil, kadete, jubenil eta seniorrak izango dira lehian. Infantilek 1.000 metro egin beharko dituzte, kadeteek 1.500 metro, eta jubenil eta seniorrek, berriz, 2.000 metro. Estropadak 12:00etan hasiko dira, eta Hernaniko zortzi batel arituko dira lehian: mutilen bi batel infantil, nesken bi batel infantil-kadete, mutilen hiru batel kadete, eta nesken jubenil-senior batel bat.

13 jardunaldi
Gipuzkoako Batel Ligak guztira 13 jardunaldi izango ditu eta martxoaren 30ean jokatuko dituzte azken estropadak, Getarian. Ondoren, apirilaren 5ean eta 6an Gipuzkoako Batel Txapelketaren txanda izango da. Aurten, gainera, infantil eta kadeteek Gipuzkoako Udaberriko Liga jokatuko dute, maiatzaren 24tik ekainaren 28ra, zortzi jardunalditan.

Nesken trainerilla
Trainerillen denboraldiari dagokionean, Hernanik nesken trainerilla batekin lehia­tzeko asmoa du aurten. Hala, Gipuzkoako Trainerilla Ligan arituko dira apirilaren 12tik maiatzaren 17ra, 9 jardunalditan banatuta. Eta maiatzaren 18an, Gipuzkoako Traine­rilla Txapelketak denboraldiari bukaera emango dio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!