Gotzon Huegunek, Hernanin bizi den artista lasartearrak irabazi du Xenpelarren omenezko eskultura lehiaketa. Beraz, berak egindako lana jarriko dute Xenpelarren omenez. Xenpelarren fruituak izena du Huegunen azken lan honek. Zuhaitz bat irudikatu du corten altzairuarekin eta zuhaitzaren adarren puntan, fruituak ageri dira; Xenpelarrek utzitako fruituak, hain zuzen: bere bertsoetako esaldi esanguratsuenak, errimak, ideiak… (Iparragirre abila dela, askori diot aditzen; Gerra nai duben guziya, berari kendu biziya; Pasaiako herritik...) Aukeraketa hori egiteko, Andoni Egañaren laguntza izan du. Eta oso elkarlan interesgarria izan dela dio Huegunek.
«Dena biltzen du, bai kontzeptualki, bai estetikoki»
Lehiaketari begira, abuzturako aurkeztu behar ziren lanak eta egin nahi zuena definitzea, kosta zitzaiola aitortu dio Kronikari Huegunek. «Hasieran, busto bat egitea pentsatu nuen, baina bukatu nuenean, ez nuen egokia ikusten horrelako zerbaitetarako. Pentsatzen hasi nintzen, Xenpelarren lanak batez ere bertso paperen bidez iritsi zaizkigula eta hori irudikatu nahian hasi nintzen. Bidea ez nuen aurkitzen eta halako batean, zuhaitza eta fruituen ideia bururatu zitzaidan. Pertsona bat hiltzen denean ere, askotan ingurukoek zuhaitz bat landatu ohi dute eta ideia hori ere bildu nahi izan dut lan honekin. Nere ustez dena biltzen du, kontzeptualki eta estetikoki».
2 hilabeteko lana
Urrian jakin zuen Huegunek bere lana izan zela aukeratua eta ordutik buru belarri aritu da lanean. Hasierako paper kontuek asko atzeratu zutela azaldu du eta denboraz juxtu xamar ibili direla. «Ez dut izan nahi adina denbora azken ukituak emateko, baina pozik nago emaitzarekin eta bere lekuan jartzeko gogoz», dio.
3 metroko altuera eta 2,40 metroko zabalera ditu obra honek eta 2 toneladako pisua. Hori horrela, Huegunek ezin izan du Floridako bere tailerrean landu. Horretarako, Leorpe enpresaren laguntza izan du. Ibarluzeko enpresa honetan aritu da lanean eta zenbait gauzekin ere lagundu diote bertako langileek. Oso eskertua dago.
Xenpelar jaio zen eguna, bihar
Juan Frantzisko Petriarena Berrondo Xenpelar (Errenteria, 1835-1869) XVIIIgarren mendetik gaur egunera arte izan diren bertsolarien artean, garrantzitsuenetako bat da eta ez du bere omenezko eskultura edo obrarik inon. Duela 44 urte, Frankismo garaian, Jorge Oteiza saiatu omen zen, baina ez zioten utzi. Hori horrela, iaz antolatu zuten Errenteriako Udalak eta Xenpelar Bertso Eskolak lehiaketa hau, baina ez zen sariturik izan. Aurten, ordea, bai, eta azkenean Xenpelarrek izango du merezitako eskultura.
Errenteriako Foru Plazan jarriko dute. Bihar izango da ekitaldia. Xenpelarren jaiotzarekin batera egin nahi izan dute. Bihar, 179 urte beteko dira, jaio zela.
Hernaniarrei, gonbidapena
Julian Albistur hernaniarra da antolatzaileetako bat. Lau urte daramazki gai honekin lanean eta egun ederra izatea espero du biharkoa. Hernaniko bertsozale guztiei luzatzen die gonbitea.
EGITARAUA
12:20 Sarrera
Udal Txistulari taldea
12:30 Ekitaldiaren aurkezpena
Mikel Lersundi / Itziar Etxegia
12:35 Alkatearen agurra
Julen Mendoza
12:40 Eskultura gauzatu ahal izateko egindako ibilbide luzea
Julian Albistur
12:45 Eskulturari buruzko xehetasunak, egilearen eskutik
Gotzon Huegun
12:50 Eskultura argitaratzea: Agurra Udal Txistulari taldea eta dantzaria:
Alain Maya
12:55 Gizon onaren bentajak
Moldaketa: Aitor Mitxelena
Bertsoak: Aitor Albistur
Errenteria Musika Kultur Elkarteko Bandako musikariak eta Xenpelar Bertso Eskolako bertsolariak
13:05 Xenpelar
Egilea: Jose Ignazio Ansorena
Koreografia: Jon Maya Sein
Udal Txistulari Taldea, Ereintza Dantza Taldea eta Xenpelar Bertso Eskolako bertsolaria (Aitor Albistur)
13:15 Bertso-saioa
Andoni Egaña eta Xenpelar Bertso Eskolako bertsolariak
13:30 Ekitaldiaren amaiera
Mikel Lersundi/ Itziar Etxegia
13:35 Betroiarena
Errenteria Musika Kultur Elkarteko Banda eta bertsolariak
13:45 Luntxa Xenpelar etxean beheko solairuan.