Urtarrilaren 2az geroztik, bi astetik behin jasotzen ditu Udalak tamaina haundiko hondakinak. Hori horrela, datorren astean izango da ateratzeko aukera. Hain zuzen, asteazken gauean atera behar dira eta Udal langileek ostegunean bilduko dituzte. Hondakin haundiak dira: mahaiak, sofak, armairuak, garbigailuak, hozkailuak...
Deitu gabe, isuna
Hondakin horiek Udal langileek bildu ditzaten, derrigorrezkoa da aurretik Atez Ateko bulegora deitzea. Beraiek esandako lekuan utzi beharko dira hondakin horiek. Isuna jarriko du Udalak Atez Ateko bulegora deitu gabe hondakinak ateratzen badira. 300 euroko isuna izan liteke. Honako telefonora deitu behar da: 900 840 090.
Etxeko obretako hondakinak, berriz, ez dituzte bilduko. Horiek Garbigunera eraman behar dira.
Garbigunera edo Berrerabilpen Zentrora
Beste bi aukera ere badira hondakin haundiak etxetik ateratzeko: Garbigunera eraman (Ibarluze poligonoa) edo Berrerabilpen Zentrora (Nafar kalea, 19 - 943 50 63 41).