Construcciones Metálicas Aramburu enpresako langileak, greban

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 10a, 01:00

Construcciones Metá­li­cas Aramburu enpresako lan­gileak greban daude asteazkenaz geroztik. Kronikari jakinarazi diotenez, enpresak 8 nomina zor dizkie eta azkenean, salaketa jarri eta greba hastea erabaki dute. «2-3 urte daramazkigu kobratzeko arazoekin, baina nagusiarekin hitz egiten genuen eta azkenean lortzen genuen kobratzea. Baina azken urtekoa gehiegizkoa izan da. Nagusiak esaten zi­gun ez zuela egindako lanetatik kobratu eta horregatik ezin zigula ordaindu. Guk lanean jarraitu dugu, buelta emango zuen esperantzan, baina ezin dugu gehiago». Halaxe azaldu diote Kronikari. Enpresak bederatzi langile ditu eta horietatik zortzi dira greba egiten ari direnak. Lau hernaniarrak dira eta gainerakoak inguruko herrie­takoak: Lasarte, Oiartzun... Kronikak ez du aukerarik izan enpresako arduradunekin hitz egiteko.

«Enpresa itxi egingo duela esan digu»
Langileak, sindikatuekin (ELA, LAB, CCOO) eta abokatuekin harremanetan jarri dira eta hurrengo pausoak zeintzuk diren zehazteko daude. Dena dela, ez dute etorkizun onik ikusten. «Zor diguna asko da eta ez dugu uste honi buelta emango dionik. Autonomo asko ere etor­tzen ari dira kobratzeko zain daudelako. Gainera, enpresa itxi egingo duela esan digu. Hitzez bakarrik esan digu oraingoz. Seguruena, insolbente izendatuko dute enpresa». Langileek lanean jarraitu nahi dute eta argi dute lana badagoela: «Obra batzuk pendiente dauzkagu. Gaine­ra, berak esana da azken urtean lan asko egin dela. Gu iristen ez ginen lanak ematen aritu gara beste tailerrei. Orain, greban gaudela, telefonoa jo eta jo entzuten dugu». Beste kontu bat ere badela azaldu dute: «Enpresak bi pabeloi dauzka eta jakin dugunez, beste pabeloia bere semeen izenean jarri du. Susmoa dugu enpresa hau itxi, gu kalean geratu, eta enpresa berriarekin martxan jarraituko ote duen».

Ibilbide luzeko enpresa
CM Aramburu enpresak me­tala lantzen du. Bere ohiko la­nak dira, pasarelak, eskailerak, ateak, barandilak, eskulturak... Eziago poligonoan da­go. Enpresa familiarra da eta 1940 urte inguruan hasi zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!