12 sagardotegi aukeran eta ekintza ugari, txotx denboraldiaz gozatzeko

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 9a, 01:00

Hastera dijoa txotx denboraldia. Igandean zabalduko dituzte kupelak Herna­niko 12 sagardotegiek. Urte­ro bezala, irekiera ekitaldia egingo da Gudarien plazan. 12:30etan, aurreneko tragoa egingo dute ETBko Kontrako Eztarria saioko kideek, eta ondoren gerturatzen den guztiak izango du aurtengo sagardoa probatzeko aukera. Egun osoko festa izango da igandean eta apirilera bi­tar­te, hau da, txotx denboraldiak irau­ten duen bitartean, ekintza ugari izango dira Her­nanin: Sagar Lasterra, Tolarea Kofra­dia­ren Kapitulua, Sagar Mar­txa, turismoa bultzatzeko es­kain­tza bereziak... Horren guztiaren berri eman zuten atzo prentsaurrean, Txotx Batzor­deko kideek.

Autobusetan, Mugi txartela
Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen, txotx denboraldia oso garai garrantzitsua dela Her­na­nirentzat:. «Sagardoa ezagutu eta probatzeko ga­raia da eta jende asko etorriko da. Kan­po­koen joan-etorriari erantzutea eta bertakoekin elkarbizitza hori ziurtatzea da gure ardura». Ho­rretarako, zerbitzuak gehituko dituzte: udaltzainen zerbitzua, komun publikoak, kale garbiketa... Autobus zerbitzua ere izango da sa­gar­dotegietara joan-etorria egiteko. Gainera, aurten, Mugi txartelarekin ordain­du ahal izango dira bidaiak.

Gozatu, baina errespetuz
Alberto Blanco Kaxko elkarteko kideak, txotx denboraldiarekin eta bertan antolatutako ekintzekin gozatzera animatu zi­tuen herritarrak, baina errespetuarekin jokatuz: «errespetatu bizilagunen lo egiteko eskubidea eta kaleak garbi mantendu».

«Beti bezala, ahalik eta sagardorik onena egiten saiatu gara»
Hernaniko sagardogileen izenean, Jon Peñak hitz egin zuen. 12 sagardotegi desberdin izan arren, ideia batek elkartzen dituela azaldu zuen: «Beti bezala, ahalik eta sagardorik onena egiten saiatu gara denok». Aurtengo sagardoari begira, honakoa azaldu zuen: «Ez da uzta ona izan Euskal Herrian eta kanpotik ekarritako sagarra gehitu dugu. Pozik gaude lortutako emaitzarekin eta seguru gaude gustoko sagardoa izango dela». Pro­batzeko gonbitea luzatu zuen.

%15eko deskontuak, ostiraletan
Turismoa bultzatzeko, hainbat egitasmo izango dira aurten ere: informazio puntua, bisita gidatuak, pakete turistikoa, esperientzia, tren berdea... Horiez gain, aurten es­kain­tza berezi bat izango da. Donostialdea eskualdeko hain­bat ostatuk eta sagardotegik %15eko deskontua eskainiko dute txotx denboraldiko ostiraletan. Deskon­tua izateko, sagardotegiko otordua eta os­ta­­tuko egonaldia hartu behar­ko dira. Bi pertsonentzako erreserba egin behar da leku bakoitzean. Hernanin bi sagardotegik eta bi ostatuk hartuko dute parte: Iparra­gi­rre, Itxas-buru, Zinkoe­nea pentsioa eta Pardiola baserria.

Txotx irekiera

11:00, suziriak.
Apaxi ipuin kontalaria, arkupetan.

11:00-11:45, trikitilariak, kaleetan.

12:00, Kalez Kale Kantari, Plaza Berritik Gudarien plazara.
Txalapartariak.

12:30, txotx irekiera, Plazan.

14:30, bazkaria, Larre-gainen.

18:30-20:30, erromeria, P. Berrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!