Guardia Zibilak abokatuen bulego bat miatu zuen atzo arratsaldean Antziolan

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 9a, 01:00

Guardia Zibilak zortzi lagun atxilotu zituen atzo arratsaldean, ETArekin lotura izatea leporatuta, eta operazio horren barruan Hernaniko bulego bat ere miatu zuten. Besteak beste, Jon Enparantza eta Jose Campo abokatuak zor­tzi atxilotuen artean daude, eta hain zuzen, bi horiek dira Hernaniko Antziola kalean lan egiten dutenak. Eurak eta beste abokatu kide ba­tzuk bertan izan ziren miaketak egiteko garaian.

Ordutako miaketa
Arratsaldeko 16:00ak al­de­ra sartu ziren Hernaniko bulegoan, eta ordutan egon ziren bertan, ilundu eta gerora arte. Euskal Preso Po­li­tikoen Kolektiboaren bitartekaritza taldeko kideak dira atxilotuak. Jorge Fernandez Espai­niako Barne Ministroak adierazi zuen, talde hori dela «ETAren tentakulu bat, presoak kontrola­tzeko».

Hainbat alderdi eta erakundek salatu zuten operazioa: Aralar, Sortu, EAJ, Lo­ka­rri, Ernai, ELA, LAB... Sortuk adierazi zuen ahultasuna erakutsi duela Espainiako Gober­nuak, operazioarekin, eta bakearen etsaiek agindu eta gauzatu dutela operazio hau. Aralarrek, ELAk eta Lokarrik eskatu zuten atxilotuak berehala askatzeko; EAJk bakearen kontrako eraso gisa jo zuen.

Manifestazioa gaur, Gudarien plazatik
Hernaniko LABek, Ernaik eta Sortuk manifestazioa deitu dute, gaur 20:00etan, Pla­zan: Konponbideari erasorik ez; atxilotuak askatu; utzi bakean Euskal Herria.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!