Txotx denboraldia zabalik izango da igande honetatik aurrera. Irekiera ekitaldia Plazan egingo da eta aurtengo sagardoa probatzeko aukera izango dute gerturatzen diren guztiek.
Hori horrela, festa giroa jartzeko, Kalez Kale Kantariko kideek saio berezia eskainiko dute 12:00etan Plazan. San Joan Konpartsako kideek ere, larunbatean beharrean, igandean egingo dute erromeria. Eguraldi onarekin Plaza Berrin izango da eta txarra eginez gero, Atsegindegin. Arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara izango da.
Larunbatean ere, kantuan
Kalez Kale Kantarikoek saio berezia eskainiko dute igandean, baina larunbatean ere ez diote hutsik egingo hilabeteroko hitzorduari. Plaza Berritik abiatuko dira 12:00etan. Hernaniar guztiak gonbidatzen dituzte bai larunbatean, bai igandean, eurekin kantatzera.
Azokan postua jartzeko,
izen ematea
Bigarren Eskuko Azoka ere aurreratu egin dute eta azken larunbatean izan beharrean, larunbat honetan izango da. Azokan postua jarri nahi dutenek, osteguna dute izena emateko azken eguna. Hiru modutan eman daiteke izena: Berrerabilpen Zentrora joanda (Nafar kalea 19), berrera2@gmail.com helbidera idatzita edo telefonoz: 661 331 113/ 682 741 366.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!