Erakusketa inauguratuko dute gaur Biterin, Condor Legioak eragindako Gernikaren suntsipena izenekoa. Bertan, Nazien hegazkinek Gerra Zibilean Euskal Herriko bonbardaketan izan zuten parte hartzea azalduko dute. Eta batez ere, Gernikako sarraskian izan zuten eskuhartzea. Erakusketa, Lau Haizetara Gogoan plataformak antolatu du eta urtarrilaren 21era arte izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara.
Memoria historikoa
berreskuratzeko
Lau Haizetara Gogoan, Euskal Herriko memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduen plataforma da. Erakusketa hau, Alemaniako historialari batzuek osatu dute. Hain zuzen, Hannover inguruan dagoen Wunstorfen, historia berreskuratzeko lanean ari den talde batek. Eskualde horretan zegoen Condor Legioaren basea. Egileek erakusketarekin, argitara eman nahi izan dituzte Alemaniako gobernu askok ezkutatu eta memoria kolektibotik borratu nahi izan dituzten gertaera ilunak.
Alemaniak aspalditik harremanak, frankistekin
Aurkitutako argazki eta dokumentuek erakusten dute, aspaldikoa dela Alemaniak frankistekin zeukan harremana. Eta gaiaren inguruan hain ezagunak ez diren ikuspuntuak agertzen dira.
Horrez gain, argi geratzen da Francok hasieratik zeukala Hitler-en laguntza. Haren kolpe militarrak Alemaniako aire-indarrik gabe ez zuen arrakastarik izango. Alemania naziak garraio hegazkinak bidali zituen Marokora, tropa faxistak penintsulara eramateko. Ondoren, bonbardero bihurtzen ziren.
Ipar fronteko aire-gerra, Condor Legioaren gidaritzapean utzi zuen Francok. Espainiako Gerra Zibileko esperientzia, Bigarren Mundu Gerran erabili zuten naziek.