Mendibiletik Estibalitz Santutegira, Arabako lautada zeharkatuta

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 8a, 01:00

Ardoaren eta arrainaren bidean (GR38), bosgarren etapa egingo du Mendiriz Mendik igandean. 08:30etan abiatuko dira Atsegindegitik. Izena emateko azken eguna bihar da.

Arraina eta ardoaren bi­de­an (GR38) lau etapa egin dituzte dagoeneko Mendiriz Mendiko kideek eta igande honetan bosgarrenari ekiteko asmoa dute. Mendibiletik Estibalitz Santutegira arteko bidea egingo dute. Horre­ta­ra­­ko, Arabako lautada zeharkatuko dute.

Hara joateko, goizeko 08:30etan jarri dute hitzordua Atse­gin­de­gin. Hiruzpa­lau orduko ibilaldia izango da eta zailtasun berezirik gabea. Nahi duenak eman dezake izena. Bihar da apuntatzeko gera­tzen den egun bakarra. Elkar­teko bulegotik pasa behar da (Iturregi plaza), 20:00etatik 21:00etara. Pre­zioak: 11 euro bazkideek eta 14 euro bazkide ez direnek.

Aizkorri azpiko lautada ikusiz

Etapa marka zuri-gorriz oso ondo adierazita dago eta galtzeko aukera gutxi dago. Etapa honetan, paisaia ederraz gozatuko dugu. Eta helmugara hurbildu ahala, mediterraneo aldeko giro bereizgarria nagusitzen joango da.

Mendibil herritik abiatuta, Arroiabeko elizara iritsiko gara. Bertatik, erkametza nagusi deneko parajea zeharkatuz, Arbuluiko muinoa izango dugu zain. Han goitik, Aizkorri azpian dagoen lautada ikusgarri osoa agerian geratzen da.

Bideari jarraituz, Uriba­rri-Ganboako urtegira iritsiko gara. Bideak urtegiko urak inguratuko ditu. Urte­gia atzean utzi eta Arbulu herrira sartuko gara. Handik, berriz, Oreitiara. Oreitian, interes haundiko eraikun­tzak daude: XVI mendeko jauregiak, XIII mendeko eliza...

Oreitiatik gora, hego men­debalderantz hartuz, Estibalitz Santutegirako bi­dea egitea besterik ez da geratuko.

Ibilbidearen deskribapena

Mendibil herrian, Arrantzale jatetxe alboan jaiotzen den pista hartu behar da. Igotzen hasi eta berehala eskuinetik beste pista bat elkartuko zaigu. Aurrera jarraitu eta hurrengo bidegurutzean ezkerreko pista hartu. Apur bat aurrerago, poste bat aurkituko dugu. Eskuine­ra egin eta berehala ezkerrera. Bideari jarraituz pisten bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerreko pista hartu eta bideak emeki gora egiten du bailaratxo batetik barrena. Arbuluko muinora helduko gara. Pistak behera egiten du eta lehenengo bidegurutzearekin topo egiterakoan ezkerrera egin behar da. Pista bide bihurtzen da, eta honek Uriba­rri-Ganboa urtegi ondoraino eramango gaitu. Bideak urtegiko urak inguratzen ditu. Urtegia atzean uzterakoan errepide batekin topo egingo dugu eta bertan, bidegurutze batekin. Aurrera jarraitu behar da. Arbulu herrira jaitsiko gaitu pista batek. AP-1 autobia zubi baten gainetik pasa eta herrian sartuko gara.

Arbulu herria zeharkatu eta herri irteeran, zubi bat guru­tzatu ondoren, ezkerrera egin behar da. Bide­ak N-1 zaharrera eramango gaitu. Errepidea zeharkatu eta aurreko pis­ta hartu. Bidea partzela artetik Oreitiaraino doa. Lehenengo bidegurutzean zuzen jarraitu eta bigarrenean eskuinera egin. Aurre­an Oreitia herria dugu. A-3108 errepidea guru­tzatu eta aurreko pistatik ja­rraituz Oreitiara iritsiko gara. Inte­res haundiko eraikuntzak daude.

Herriaren irteeran errepide nagusia aldera egin, berau zeharkatu eta ondoren trenbidea. Oreitiako hilerria dago beste aldean. Bere alboan jaiotzen den pistatik hego-mendebalderantz gora egin behar da. Apur bat aurrerago ataka bat duen lurrezko pista batekin egingo dugu topo. Hori hartu eta aldapa labur bat igo ondoren Estibalitz San­tutegiko aparkalekura iritsiko gara.

Datu interesgarriak

  • Distantzia: 15 Km.
  • Denbora: 3-4 ordu.
  • Desnibela 150 m gorantz eta gauza bera beherantz.
  • Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
  • Ibilbide nahiko laua.
  • Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!