«Gure ametsa izan da jendeak ezagutzea kalitatezko produktuak edukitzeagatik»

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 5a, 01:00

25 urte bete dira Hernaniko Jaione Kongelatuak dendak ateak ireki zitue­netik. 1988ko abenduaren 17an jarri zuten negozioa martxan Isabel Cascok eta bere senarrak, Portalez kanpon, Galerias Feli zenaren lokalean. Cascok, 26 urte zituen artean eta bi alaba txiki. Gazteenaren izenetik dator, dendarena. «Alaba zaharrenari ja­rri genion aukeran», dio Cascok. Iaztik, Kale Nagusian dago denda. 
Halaxe kontatu dio Kroni­ka­ri Isabel Cascok, dendaren historia: «Nere senarra lanik gabe geratu zen, alaba zaharrena txikia zela. Logroñon, nere koinatuak enpresa bat zeukan eta bertan lanpostua eskaini zion senarrari. Hara joan zen lanera. Ni haurdun nengoen eta alaba gazteena jaio arte itxaron nuen hara joateko. Logroñon 2 urtez egon ginen bizitzen. Koinatuak negozioa erdibana hartzeko proposamena egin zigun, baina negozio bat jartzekotan, nahiago genuen Herna­nira bueltatu. Familia hemen genuen».
Hori horrela, kongelatu den­da zabaldu zuten Herna­nin. Orduan, kongelatuen den­den booma zela dio Cascok eta erantzun oso ona izan zuela: «Denda zabaldu genuenean, kongelatuen bizpahiru denda baziren Hernanin, baina oso txikiak. Gurea haundiagoa zen; barietate gehiago genuen. Hasiera hartan, atea ere ixten genuen orden bat eramateko».
Eta gaineratu du: «Egia esan, beti eskertuko dut he­men­go jendearen erantzuna. Gu­re bezeroak oso jatorrak di­ra eta edukazio onekoak. Bai her­naniarrak, bai inguruko he­rrie­takoak: Ereñotzu, Urnieta, Asti­garraga, Goizueta, Donostia...».

Urte gogorrak
Hasierako urteak oso gogorrak izan zirela gogoratzen du. «Fa­miliaren laguntzari eskerrak ate­ra gara aurrera. Gurasoek, ahizpek... asko lagundu didate. Ume txikiak nituen eta komer­tzioko ordutegia oso lotua da. Ez nuen aukerarik izaten be­raiekin egoteko eta horren pe­na badut. Behintzat ona nuen, Urumea ikastolara joaten zirela eta ondoan egonda, jolas garai­an dendara etortzen ziren». Horrez gain, gastu askori aurre egin beharra dagoela dio.

Familiaren laguntza, beti
Urte betez elkarrekin aritu ziren lanean dendan senarra eta biak. Gero beste lan batean hasi zen senarra, baina ez du laguntzarik falta izan Cascok dendan. «Aitak asko lagundu zidan dendarekin hasierako urte haietan. Gerora, beti baten bat izan dut laguntzen: ahizpak, ilobak... eta alabak ere bai».

Produktu kongelatuetan espezializatua
Urte guzti hauetan dendaren oinarria ez dela aldatu dio Cascok: «Beti saldu izan ditugun produktuak kongelatuak izan dira. Horretan espezializatzea izan da gure helburua. Eta beti zaintzen dugu, kalitatea eta prezioa. Gure ametsa izan da jendeak ezagutzea kalitatezko produktuak edukitzeagatik, eta uste dut lortu dugula. Orain, Gabonetan, esaterako, askok esan digute oso onak daudela kokotxak, langostinoak... hori pozgarria da». 
Aurretik lana egina dutela ere azaldu du: «Guk dena probatzen dugu. Saltzen dugun ge­nero guztia aurrez probatzen du­gu eta oso pozik gaude daukagun generoarekin. Kongela­tua asko aldatu da. Orain askoz kalitate hobea dute produktuek».

Nola aldatu da Hernani?
«Hernaniren izaera ez da aldatu, Hernanik oso izaera herrikoia baitu. Hori bai, trafikoa aldatu da eta nere ustez aldaketak kalte egin dio bertako ko­mer­tzioari eta baita zenbait he­rritarrei ere. Kanpoko jendeak, berriz, arazo gehiago ditu hona etortzeko. Trafiko aldaketarekin buelta gehiago eman behar dira eta aparkatzeko ez da­go lekurik. Mugatutako aparkalekuena oso ideia ona da, baina daudenak ez dira nahiko».
Hernaniarren erosketa ohiturez galdetuta, aldatu egin direla dio, baina batzuk badutela herriko komertzio txikietan erosteko joera. «Dendara, esaterako, gazteak etortzen dira, garai batean euren gurasoekin edo aiton-amonekin etortzen zirenak, eta hori oso seinale ona da. Kontuan izan behar dugu, merkataritza herri baten bizia dela, eta zaindu egin behar da».

Sekretua: pazientzia eta positiboa izatea
25 urte pasa dira eta ez dira gutxi komertzio batentzat. Se­kre­tua, honakoa da: «Pazien­tzia asko izatea eta oso positiboa izatea. Gauza berriak ikasi eta egiten saiatzen naiz. 25 urtetan krisi asko daude eta askotan pentsatu dut uztea. Baina aurrera jarraitu dugu eta 25 urte bete ditugu. Ea beste 25 ere egiten ditugun! Hori, bezeroei esker lortu dugu eta eskerrak eman nahi dizkiet». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!