Guinness errekorraren bila, 24 orduko elkartasun proban

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 5a, 01:00

Elkartasun proba bat da; ez da hainbeste kirol erronka bat. Sant Vicenç dels Horts herri kataluniarrean janari banku bat dago, eta harako produktuak biltzen egingo dute ekitaldia. Toni Vazquez bertako herritarra da, eta hark aipatu zion ideia Xabier Salillas eta Jose Antonio Sotori. Guinness errekorra eta munduko errekorra hau­tsi nahi dituzte, 24 orduz zintan korrika, taldean. 
Jendeak beraien ondoan korrika egiteko aukera izango du, eta horretarako zinta mordoxka bat jarriko dituzte herriko plazan, eta herriko festetan. Parte hartu nahi duenik bada, izena eman beharra dago, helbide honetan: recordsolidari@svh.cat.  
Inskripzioa ordaindu beharrean, bakoitzak janariren bat eraman beharko du errekorraren egunean: esnea, zerealak, pasta, olioa, azukrea, lekaleak edo kontserba latak. Proban parte hartzen ez duenak ere janaria eraman dezake, ikustera joandakoan.

Guinness errekorra taldean
Salillas, Vazquez eta Sotoren helburua da Guinness errekorra haustea, taldeka, 24 orduz zinta gainean korrika. Orain arteko errekorra Londreseko Forest Schooleko 12 kidek daukate jarria. Haiek, 12 lagunen artean 437,7 km egin zituzten, 2012ko uztailean. 
Proba kontrolatzen egongo dira Kataluniako Atletismo Federazioko epaileak, eta baita Guinnesseko epaileak ere. Horrez gain, mediku talde baten laguntza izango dute, Josep Brugada kardiologoa buru dutela. Brugada medikua bereziki aritu da goi mailako kirolean; Hospital Clini­coko kirol kardiologiako kideekin batera lanean aritutakoa ere bada, eta baita FC Barce­lo­nako kirolariekin aritutakoa. Blu­me erresidentzian eta Sant Cugateko Goi Errendimen­du­ko Zentroetan ere aritzen da.  

Munduko errekorra
Taldeka marka haundi bat jarri nahi du hirukote honek zinta gainean. Guinness errekorra izango da, 437,7 km baino gehiago egiten badituzte, baina baita munduko errekorra ere. Horrez gain, banakako hainbat errekor egingo dituzte proba honetan. Izan ere, zinta gainean 24 orduko proba gutxi egin dira, eta behin distantzia batetik aurrera, denak errekorrak izango dira. Horregatik, hiru korrikalariek motibazio puntu hori izango dute, errekorra beraien eskuetan egon dadin. 
Dena dela, Xabier Salillasek kendu egin nahi izan dio pixua kontu horri: «gure helburua da proba hirurok buka­tzea, eta ez gara elkarrekin egoskortuko, errekor indibidualak batek edo besteak egiteko. Hor komeni da hirurak elkarri laguntzea, eta hala egingo dugu». 

Egunean 3-4 orduz aritu da prestatzen
Proba hau prestatzeko ez du denbora asko izan Salillasek. Urrian esan zioten, eta ordutik prestatzen ari da hernaniarra. «Wukrokoa egin nuen urte hasieran, eta ondoren Marse­llan arazoak izan nituen. Bukatu nuen proba, baina hor deskantsu haundi bat hartu nuen, abuztura bitarte. Abuz­tuan oso gustora geratu nin­tzen Oxfordeko 48 orduko proban, laugarren postua lortu bainuen. Geroztik berriz deskantsua hartu, eta Italiako 3 eguneko pro­ba eta Monakoko 8 egunekoa nituen buruan. Tar­tean, ordea, aukera hau suertatu da, eta ezin esan ezetz». 
Egunean 3-4 orduz pres­tatu da zintan, eta egun batean 10 orduko proba bat egin du, indarrak nola dauden jakiteko. Azken asteetan 2-3 orduz entrenatzen du egunean, eta hemendik aurrera gorputza desgastatu gabe ariko da, eliptikan pixka bat eta abar...

Estrategia prestatzen
70 kilotan dago Salillas, eta sasoi puntua badauka. Horrelakoetan ordea, es­trategia prestatzea ezin­bestekoa dela dio hernaniarrak, bestela «mo­noto­noe­gia» egin lite­keelako proba hau. «Nik hasieran gorputzak eman arte segiko dut, 4-5 edo 6 orduz. Hortik au­rrera, zatika egin­­go dut: ordubete ko­rri­ka eta 5 minutu oinez. Ho­rrela ezin badut, 30 mi­nutu korrika eta 2 minutu oinez...».

Borondatearen festa
Proba urtarrilaren 18an ha­siko da, eguerdiko 12:00­­etan, eta egun bat osorik ariko dira korrika hiru izarrak, eta joan nahi duen guztia. Kirol errekorraz gain, janari bilketa errekorra ere jarri nahi dute, eta korrika nahi ez duenak, bestela ere izango du modua laguntza emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!