Ekialdetik bidai luzea egin eta gero, gaur 18:00ak inguruan iritsiko dira Hernanira Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak. Urbieta kalean barrena etorriko dira, hernaniar guztiak agurtzeko gogoz.
200kg karamelo
Herrian barrena bueltaxka bat egingo dutela jakinarazi dute: Izpizua kalea igo, Elkanotik barrena Plazara sartu, Kardaberaz kalea jaitsi, Nagusia igo eta Plazan bukatu. Karameloak botako dituzte karroza gainetik; 200 kg inguru ekarri omen dituzte! Bide osoan hernaniarren laguntza ere izango dute: pajez jantzitako herritarrak gidatuko diete kalean barrena, eta txistulari eta Musika Bandakoek ere lagun izango dituzte.
Erregeek asteak behar izan dituzte Ekialdetik Hernanirako bidea egiteko, eta deskantsatu eta hernaniarrekin hitz egiteko aukera eduki nahi dute. Plazan jaitsiko dira, 19:00ak inguruan, bertan eseri eta banan-banan hernaniar txikien gutunak jaso eta desioak entzuteko.
Eta handik aurrera, urteko gaurik magikoenari emango diote hasiera. Umeak lokartu bezain pronto, etxez etxe ibiliko dira, ilusioz betetako opariak banatzen. Ez ahaztu gozo eta edari pixka bat uztea!