Paul Ojuel pelotari hernaniarrak Antxon Pebet Torneoko finala jokatuko du gaur. Kerman Galarza bizkaitarra izango du lagun eta aurrez aurre, Santxo-Urruzola bikote gipuzkoarra. Villabonan jokatuko dute finala. 16:30etatik aurrera pelota partidu desberdinak jokatuko dira eta finala hirugarren partidua izango da. Finalera iristeko, Ojuel eta Galarzak 22-20 irabazi zieten Yoldi eta Gorrotxategiri finalaurdenetan, eta 22-20 Urretabizkaia-Errekari, finalerdietan.
Lehia parekatua
Lehia interesgarria eta parekatua espero da. Afizionatu mailako lau pelotari haundi neurtuko dira. Bi atzelariak, egungo Gipuzkoako eta Bizkaiko txapeldunak dira. Bi aurrelariak, berriz, egungo errematatzailerik onenak. Santxo, partiduko klabea izango da. Oso pelotari irregularra da eta oso arriskutsua da egun ona duenean.
Arrieta eta Gorrotxategik, zazpigarren txapela
Ioritz Arrietak eta Aitor Gorrotxategik, izen haundiko Olazar Torneoa irabazi zuten asteartean. Hernaniarrek 22-11 irabazi zieten Beitia eta Diaz bizkaitarrei. Hernaniarrak aurretik hasi ziren, 9-1. Gorrotxategi nagusi zen peloteoan eta Arrietak min egiten zuen sakearekin eta bi paretako erremateekin.
Partidua zeharo aldatu zen, ordea, 9-3 tantoan. Arrietaren pelotazo gogor batek Beitiaren burua jo zuen eta aldagelara joan behar izan zuen. Beranduxeago partiduari ekin bazion ere, egoera kaxkarrean egon zen bukaerara arte. Eta geldialdiak ez zion mesederik egin bikote hernaniarrari; bizkaitarrek 9na berdintzea lortu zuten. Dena dela, euren maila berreskuratzea lortu zutenean, ez zieten aukerarik utzi aurkariei. 22-11ra iritsi ziren zailtasun askorik gabe.
Azken garaipen honekin, pelotari hernaniarrek zazpigarren txapela lortu dute denboraldi honetan.