Hamaika ekitaldi gaur, tantak elkartu eta itsasoa osatzeko

Kronika - Erredakzioa 2014ko urt. 4a, 01:00

Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde, hernaniarrak busti daitezen, jaialdia antolatu dute gaur. Tantaz Blai jaialdia, hain zuzen. Iluntzeko 19:30etatik aurrera, ekitaldi edo emanaldi ugari izango dira Kiroldegiko frontoian: Morau eta Xabier So­la­no musikariak, besteak beste, Ozenki Abesbatza, bideo proiek­zioak, Akelarrea, Ber­tso Eskolako kideak, txalapartariak, dantzariak, antzerkia, Paulinoren xoua, parodiak, kirolariak... eta beste hainbat ekintza gehiago.
Hernaniar guztiei deialdi berezia egiten diete, jaialdira gerturatu eta tanta moduan elkartuz, guztien artean itsasoa osatzeko.

«Hamaika iturritatik
sortutako tantak gara,
baina itsaso batean
elkartu behar dugu»

Tantaz Tanta ekimenaren barruan antolatu dute gaurko jaialdia. Eta halaxe azaldu dute: «Tantaz Tanta, ez da mugimendu bat, ez erakunde politiko bat, ez zorrotz antolatutako egitura bat. Ekimen sozial bat gara, hainbat sektoretako pertsonek osatutako iniziatiba bat, zeregin bakarra duena: giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsaso haundi bat bul­tzatu eta antolatzea urtarrilaren 11n Bilbon».
Tantaz Tanta, itsasoa gara manifestuak berriz, halaxe dio: «Hamaika iturritatik sortutako tantak gara, handik eta hemendik datozen isuriak bil­tzen ditugu. Gaur ordea, desberdinak garenok itsaso batean elkartu behar dugu, itsaso berean, une historiko honek hala eskatzen duelako».

«Gatazka bat ixteko,
ondorioei heldu behar zaie»

Ekimen honek ez ditu ahazten pertsona askok jasan behar izan dituzten sufrimendu desberdinak: «Tanta desberdinak izanik ere, Giza eskubideak, irtenbidea, ba­kea. Euskal Presoak Euskal Herrira leloarekin bat egiten dugu. Eta oinarrizko hiru eskakizunen inguruan sortutako marea gara: sakabanaketaren amaiera, gaixotasun larriak dituzten presoen aska­tasuna eta Europako Giza Esku­bideen Auzitegia­ren senten­tziaren aplikazioa. Eskari hauek biltzen gaituzte, izan ditzakegun ikuspegi kritikoetatik harago. Gure jarduerak ez ditu ahazten ezta gutxiesten pertsona gehiegik jasan behar izan dituzten sufrimendu desberdinak».
Gatazka bat ixteko ondorioei heldu behar zaiela diote: «Tanta moduan batzen gara itsaso honetan, herritar gehienok irrikaz espero ditugun konponbideari eta bakeari begira; gure iritziz, egungo egoera oso larria delako eta kaltea baizik ez dakarrelako. Nazioartean izan diren esperientzia guztiek erakusten dutenez, gatazka bat itxi nahi denean, haren ondorioei heldu behar zaie; besteak beste, biktima guztiei aitortza eta erreparazioa emanez eta preso eta iheslariak etxeratzeko bidea markatuz».

«Herritarren mobilizazioak bide berriak zabaltzen ditu»
Ziur daude gizartearen aktibazioak baldintza berriak ekarri ditzakeela. Hala diote: «Frogatuta dago herritarren mobilizazioak bide berriak zabaltzen dituela. Beraz, kontuan hartuko gaituen eta denontzat onuragarria izango den bizikidetzarako proiektu berri honekin bat egitera gonbidatzen zaitugu. Tanta bihurtuz, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko espazio amankomun batera gehitzen gara. Halaxe egitea proposatzen dizugu, gaurtik aurrera, zure herrian edo auzoan, zure esparru sozialean. Eta urtarrilaren 11n gure tanta guztiak batuta hasiko gara gauzak aldatzen».

Egun osoko egitaraua, Bilbon
Urtarrilaren 11n Bilbon izango den manifestaziorako auto­busak aterako dira Her­nanitik. Ekitaldi desberdinak izango dira egun osoan zehar eta goizetik joateko deia egin dute. Goizeko autobusa 11:00e­tan aterako da Atse­gindegitik. 12 euroan daude txartelak. Arra­tsal­dean ere izango da autobusa, 15:30etan abiatuta. Kasu ho­ne­­tan, 10 euroan daude txartelak. Garinen erosi behar dira eta eskatu dute lehenbailehen erosteko, autobusak ahalik eta ondoen antolatzeko.

Ereñotzutik ere, autobusa
Manifestaziora joateko, Ere­ñotzutik ere autobusa antolatuko dute. Arratsalde­ko 15:00e­tan abiatuko da. Izena, Irrintzi tabernan eman behar da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!