Hilabete eta gehiago daramazkite obretan Akarregiko poligonoa eta Zubiondoko poligono inguruan. Garai bateko Astigarragako bide zaharra itxita dago, eta hala egongo da otsaila hasiera bitartean, Kronikak jakin ahal izan duenez.
Bitarte horretan, trafikoan aldaketak egin dira, eta Martindegi aldera joateko Zikuñagako errotondan Urumeako bariantea hartuta joan behar da; Martindegitik Hernanira datozenek bariantea hartu gabe sartu ahal izango dute herrira, Akarregiko poligonoan barrena.
Abiadura Haundiko Trenaren obrak direla eta
Aspaldi hasi ziren Abiadura Haundiko Trenaren obrak Hernanin, eta besteak beste, zonalde horretan ari dira orain, lanik haundienak. Trenaren ibilbidean Astigarraga eta Hernaniko zatian hainbat azpiegitura harrapatuko ditu, eta horiek aldez aurretik aldatu egin behar dira. Euskal Trenbide Sareak (ETS) daramaki obra hori. «Oso ohizkoa izaten da horrelako aldaketak egin beharra. Edozein tramo egiteko garaian, lanik haundiena horretan izaten da. Lehendik hor zegoena ahalik eta modurik onenean erremediatzen da, eta ahal bada, lehen baino hobeto uzten dugu».
Kasu honetan, uraren azpiegituran aldaketak egiten ari dira. «600eko diametroa duen tuboa ari gara sartzen, eta orain arteko baldintzetan baino hobeto utziko dugu, azken eskaeren araberako baldintzetan jarriko baitugu. Berez, lehengo tuboa zijoan bidetik desbideratu egingo da, eta horretarako 300 metroko tuboa ari gara sartzen».
Urarenaz gain, batez ere argindar azpiegituran ari dira aldaketak egiten, baina baita, gasa eta telefonian ere.
Urtarrila bukaera edo otsaila hasierara arte iraungo dute obrek, ETStik Kronikari jakinarazi diotenez.
Martindegi eta Hernani arteko joan-etorriak
Obra horiek direla eta, Martindegi eta Hernaniko bidea itxita dago. Hasieran poligonoetatik jarri zen joan-etorria egiteko modua, baina autobusek arazoak zituzten maniobratzeko, eta urtarrilaren 2tik aurrera norabide bakarrean joan ahal izango da, obrak bukatu arte: Martindegi Urumeako bariantetik, eta Hernanira poligono barrutik.