Urtarriletik aurrera, bi astetik behin jasoko dira hondakin haundiak

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 31a, 01:00

Hondakin horiek atera ahal izateko, aurretik Atez Ateko bulegora deitu behar da. Tokatzen den asteko asteazken gauean atera beharko dira. Beste bi aukera ere badaude: Garbigunera eraman edo Berrerabilpen Zentrora. Hiru zerbitzuak dohainik dira.

Mahaiak, sofak, armairuak, garbigailuak... hau da, tamaina haundiko hondakinak astero jaso izan ditu orain arte Udalak. Urtarri­letik aurrera, ordea, aldatu egingo da. Bi astetik behin egingo da bilketa. Ostegu­netan bilduko dituzte hondakinak, baina etxetik asteazken gauean atera beharko dira. Eta ostegun honetan bertan hasiko dira bilketarekin. Beraz, urtarrilaren 2, 16 eta 30eko bezperako gauean atera ahal izango dira tamaina haundiko hondakinak, datorren hilabete honetan.

Deitu gabe, 300 euroko isuna
Hondakin horiek Udal langileek bildu ditzaten, behar beharrezkoa da aurretik Atez Ateko bulegora deitzea. Eta beraiek esandako lekuan utzi behar dira hondakinak. Atez Ateko bulegora deitu gabe hondakinak utziz gero, isuna jarriko du Udalak eta 300 eurora iritsi liteke. Honako telefonora deitu behar da: 900 840 090. Bestalde, Udalak jakinarazi du, ez dituztela etxeko obretako hondakinak bilduko. Horiek Garbigunera eraman behar dira.

Garbigunera eramateko aukera, goiz eta arratsalde
Beste aukera bat ere bada hondakin haundiak etxetik ateratzeko. Norberak Garbi­gu­nera eraman ditzake asteko edozein egunetan eta goiz edo arratsaldean. Hernaniko Garbigunea Ibarluze poligonoan dago, arraun elkartearen ondoan. Honakoa da Garbigunearen ordutegia: aste­­lehenetik ostiralera, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00; larunbatetan, 10:00-15:00; igan­de eta jai egunetan, berriz, itxita.

Berrerabilpen zentroa, beste aukera bat
Hirugarren aukera bat ere bada tamaina haundiko hondakinak botatzeko. Herna­niko Berrerabilpen Zentrora eraman daitezke. Zentro hau, Nafar kalean dago, 19garren zenbakian. Tamai­na dela eta, norberak ezin badu bertaraino eraman, beraiek pasatzen dira etxetik jasotzera, aurrez dendara deituz gero. Telefonoa, ho­nakoa: 943 50 63 41. Berre­rabilpen Zentroak ondoko ordutegia dauka: astelehenetik ostiralera, 09:30-13:30 eta 17:00-20:00; eta larunbatetan, 10:00-14:00. Aipatutako hiru zerbi­tzuak dohainik dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!