Herritar mordoa atera zen kalera urteko azken ostiralean, preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatuz eta etxeratzeko eskatuz. Lau zutabe atera ziren Antziola, Etxeberri, Zikuñaga eta Portutik. Plaza Berrin bat egin zuten guztiek eta Gudarien plazarako bidea elkarrekin egin zuten, kandela piztuak zeramatzaten kristalezko ontziak eskutan. Argi txikiekin, argi haundi bat osatu zuten, preso eta iheslarien etxerako bidea argituz. Eta filosofia horri jarraitzeko dei egin zuten, urtarrilaren 11ko Bilboko manifestazioari begira: «Denok gara beharrezkoak. Bakoitzak bere tanta eramatea beharrezkoa da. Tantaz tanta itsasoa izango gara. Tantaz tanta, lortuko dugu».
Jaialdia, larunbatean
Aurretik, beste hitzordu bat ere badagoela gogorarazi zuten. Datorren larunbatean izango da, Tantaz Tanta Blai jaialdia. Kiroldegian izango da 19:30etatik aurrera.
Bestalde, atzo, Martuteneko espetxera martxa egin zuten.