Joxe Oiarbide Elortza ‘Ttanttua’: «Arrantza? Nik beste afiziorik ez dut izandu»

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 29a, 01:00

Azaroaren 5ean joan zitzaigun Joxe Oiarbide Elortza, ‘Ttanttua’ (Ereñotzu, 1919-2013), 94 urte zituela. Jakinduri haundiko gizona, eta Hernani eta Ereñotzuko historiaren testigu zuzen zuzena. Besteak beste, Urumea bailaran naturarekin batera bizi izan den belaunaldi bateko kide. Hernaniko Kronikak elkarrizketa egin zion, Joxe hil baino bi hilabete lehenago. Gaur kaleratu egingo du, dokumentuaren balioagatik, eta Joxek berak eta bere familiak egindako harrera ona eskertu asmoz. Irailaren 12an Ereñotzuko Agirreberri baserrian egindako elkarrizketa da hau. Han aitortu zion Joxek Kronikari, bere ofizioez aparte, bere afizioa zein izan zen ume-koxkorra zenetik: arrantza.

Badakigu zu aitarekin amorraietan oso gazterik hasi zinela.
Oso gaztetan. Orduan sarearekin joaten ginen arrantzara. Bakar-bakarrik libre izaten ez zena, errioa ixtea. Baina harritik goitik behera edo harrian bueltan eta… sarearekin libre izaten zen. Lizentzia aterea izanez gero, ez zuten kasorik egiten gainerakoan.


Zein erriotan ibiltzen zineten?
Denean hemen. Hemen eta, Añarben ere bai eta, Artiku­tza­ra ere iritsi izandu gi­nen… Leitzaranen ere bai: sar­tu he­mendik, Agerren (Ada­rra) ba­rrena, Antxistara joan, An­txistatik Otsolepora, eta Otso­lepotik Ollokiegira.


Hori dena oinez?
Dena oinez, orduan dena oinez.


Egun bateko buelta egiten al zenuten?
Ez. Hura izaten zen, gaur konparazio, eguerdian atera etxetik sarearekin, eta hemendik hara pasatzen genuen 2 ordu eta erdi edo horrela, errioan sartzen. Eta sarea jartzen gora, gora, gora, gora… eta Ollo­kie­gin lo egin, goitik behera jaitsi eguna hasteko momentuan, eta hartu bizkarrean eta mendia pasa, eta hona.


Arrai asko izaten al zen?
Bai, baina han bastoagoa izaten zen hemengoa baino. Eza­gutzen zuten jatetxeetan ere. Orduan saldu egiten ge­nuen arraia guk. Eskatua izaten genuen. Donostian ere izaten zen eramaten zen guztia har­tzen zuena. Baina beti ez genuen izaten, hemen Epe­le-Etxeberrin eta Fagollagan ere eskaera izaten baitzen. Or­duan amorraiak eskaera haundia izaten zuen jateko. Arran­tzale gutxi zen orduan! Oso gutxi! Gero kaña atera zenean, kriston pilla arrantzalea!


Hemen zein ibiltzen zineten arrantzan?
Gu ttanttotarrak denak arran­tzan ibiltzen ginen. Gu­txi edo gehiago, ez egunero arrantzan eta horrela, baina... Gure aita difuntua ere hala ibiltzen zen: egun bat enkargatuak ematen ba­zion, eta besteren bat erreleboa lagunari aldatuta… Ni ere mutil-kozkorra nintzela hasi nintzen.


Beraz, errioan behetik gora sareak jarri, lo egin, eta goitik behera arraia bildu...
Beti-beti hori egiten genuen, edo hemen Añarbera joaten baginen, jeneralean Petrinean lo, eta bestela Okillegin-edo lo egingo genuen. Gorago joaten baginen berriz, Berdabion. Ate­ra sarea beherakoan, eta Errenteri basoan barrena, Etza­lan barrena, Benta-Txurin ba­rrena, Epelerrekan barrena, Alkatxuinen barrena, goitik behera Ereñotzura, eta han Txilibitaneko estalpetik direkto gure etxera! Inork bistan ez harrapatzeagatik!


Eta zer harrapatzen zenuten? Dena amorraia?
Amorraia, bai.


Zenbat harrapatzen zenuten?
Ez zen beti igual harrapatzen. Giroak egiten zuen asko. Arra­ia ez da beti igual atera­tzen. Arraia harrapatzeko jeneralean behar da epela, beroa... beroarekin aixa da harrapatzen. Hori txingetan (errekan batetik bestera sarea jarrita), kañarekin ez, kañarekin ko­rrien­tean ibili izandu naiz ni beti. Ene! Eta gaur harrapatuko baninduteke txinga jarri du­dala hemen errioan batetik bestera! Jesus! Kastigatuko nin­duteke! Eta dena kontrarioa da, ze han neurrikoa ba­karrik geldituko litzateke. Eta amorrai txikia dena pasako li­tzateke. Eta amorraia oso kox­korra dela hasten da umeak egiten, oso ttikia dela.


Eta kañak kalte haundiagoa egiten al du ba?
Kañak horregatik izorratu zu­en errioa asko. Txikia ere ha­rra­patu egiten zelako. Eta haun­dia bixtan, eta txikia pa­trikan sartuta, ezkutuan eramaten dute.


Eta orduan zein erreka ziren onak? Baten bat ba al zen apartekoa?
Añarbe eta Artikutza bitartekoa. Hau eta Goizueta errioa ere bai, hortik ia goi goiko zen­traleraino jartzen zen sa­rea. Handik gora arraia ttikia izaten zen. Eta hara joateko, joaten ginen hemendik Etxo­laberrin barrena, Errekalkon barrena, Goizuetara jaitsi. Eta Goizue­tan Guardia Zibilak izaten zi­ren, eta haien bixtan ez pasatzeagatik, Rezolan zentrala bai­no goraxeagotik pasatzen ginen.


Leitzaranera bidean, Kartolan-eta gelditzen al zineten?
Ez. Erreka horietan kordelak botatzen genituen. Kordela bo­tatzen genuen, txitxare beltz haundiarekin. Txitxare hori ateratzen ziguten Ospi­ta­lean (Be­nefizentzia). Ospitalak te­rreno haundiak zituen or­duan, Ka­tan­ga eta horiek de­nak Ospit­a­larenak ziren orduan. Aitonek pezetan tomate potoa bete txitxare ateratzen ziguten. Erre­kan zen amorrai haundiena ateratzen zen txitxare horrekin. Eta bestela barearekin. Bare txikiarekin. Bare txikia izaten zen, alpapa-eta, frantzi-alpapa-eta… asko egiten baitzen orduan! Horietan izaten zen goizetan primaberan, as­ko. Ez bare-xixa e! Gero haziko zen barea. Eta horiek gal­tzerdian estutu ondo, labean sartu, beroan ito, eta gero surtako hautsa eman zorro ba­tean, eta surtako hautsa beha­tzetan hartu, eta sartzen genuen amuan, bestela es­kuak leun­tzen ziren eta ez ze­nuen sar­tzen! Etenditzen? Hare­kin harra­patzen zen errekan zen amorrairik haundiena, ze ttikiak ez zuen jaten hura!


Kartolako hartan ur-saltoa bada; han ere amorraia bazen?
Horietan denetan asko. Ho­riek gerra denboran izorratu zituzten. Denak erre zituen horiek. Orduan desastre ikaragarria egin zuten hemen errioan-eta… Horiek erreka horiek denak erre zituzten. Lejiarekin batzuk eta karearekin besteak eta… Horrela, hondatu zituzten denak! Baina horiek gero guk repoblatu egin genituen denak!


A bai? Repoblatzen ere ibili al zineten?
Lepa-hezurreraino bete genituen gero guk. Txantxangorri soziedadea sortu zenean, so­zio nintzen ni orduan Herna­nin, lehendabizikotakoa izango nintzen. Eta orduan ekar­tzen zizkiguten Frantzitik kajak arrautzekin. Eta kaja bakoitzean milla arrautzen kontua, amorraia. Eta egiten genuen, hemen bertan atera. Tximis­ta­neko horretan erreka txiki bat badago, eta hor toki jakinak izaten genituen jarriak. Gorro­txategik kamio bazterrean ere atera zituen bainera batean! Ateratzen genituen erreka txiki horretan. Nik Arretxe difuntua lagun haundia nuen. Arrantzale amorratua baitzen! Harek bidoi bat ekarri zuen, 12 litro kabituko zituen, eta nik hari sarea egin nion gainean jartzeko, eta egiten genuen hemen erreka ttiki horretan atera, eta igual 1.000-2.000 eramango genituen! Bizirik hartu bizkarrean, eta amorrairik ez zen tokian botatzen genituen, iturrietan.


Zer, iturrietan? Iturburuetan?
Bai, erreken goiko iturrietan. Eta berak etortzen ziren behera. Ze, amorraia zen tokian askatzea ez zen ona, ze jan egiten zuten! Amorraiak berak jan egiten du. Denak bete ziren erreka horiek, baina bete, bete e!


Eta nola ekartzen zenuten arraia?
Añarben harrapatu eta hona iristerako hondatuko zen ba! Ez. Saretik azkar libratzen genuen, eta jartzen genion huntza edo bestela osina. Eta ondo kontserbatzen zen amorraia hor. Huntza freskatu uretan, ta gainean sarea jarri eta hartu bizkarrean. Gero hartu buruan, eta takatakataka.


Inistorra ere bai?
Inistorra ere bai, baina freskoa behar da. Inistorrak gero hazitzen hasten denean zorria izaten du, xomorroa sartzen zaio. Osinari eta huntzari ez.


Zer gehiago harrapatzen zenuten? Izokia bai?
Bai, baina izokia honera igo­tzen zen, Epeleko-Etxeberriko presa irikitzen zutenean. Eta hor trifulka ibiltze zuten, al­tzutarrek-eta, gure aita difuntoak-eta… Eta haiek sumatzen zuten zentraleko atea ireki­tzen zutenean, eta haiek etorri eta itxi egiten zuten. Baina, izokiak baldin baziren, han pasako ziren aguro; izokiak gorako joera haundia izaten du, eta igo­ko ziren gure presaraino. Ustez gehienak harrapatzen ziren, baina hala ere nola he­men umatzen baitziren, milakak izaten ziren gero izokiak, umeak! Eta hura bi­garren urtean joaten da behera.


Bigarren urtean behera joaten da orduan izokia. Eta bitartean hemen ibiltzen al da?
Bi urte hemen egiten ditu, eta hirugarren urterako joaten da behera. Eta guk igual Ere­ñotzuko kanala, nola soziedadea dago? Ba hor bota izandu genituen.


Izoki kumeak bota? Eta non harrapatuta?
Haren parean bazen pareta za­harrakin txabola bat, kanaletik ura sartzen zena, Na­zabal deitzen zioten horri. Han harrapatzen genuen as­ko. Azpikaldetik erriora zuen ate txiki bat. Ate hura itxi, eta sartzen ziren kanaleko zulora pila bat. Eta salabardoarekin hartu, goraizearekin isats-puntta txikia moztu, eta bota... eta laugarren urtean azaltzen ziren. Bakarren bat haietakoa azaltzen zen laugarren urtean berriz ere hona. Hortxe bi kilo eta erdi, hiru kilokoak sartzen ziren. Zenbateko izokia ikusi duzu haundiena? Izokia nik ikusi dudan haundiena, 6 kilo eta erdikoa. Epele-Etxeberriko presaren azpian, eta han harrapatu genituen bi. Orduan altzuetarrak eta gure aitak eta denek sozio egin zuten. Bazekiten haundiak zirela, eta, sareak eta jarri zituzten, eta bat ha­rrapatu zuen gure aita difuntuak, sarea jartzen ari zela. Haundiena hark harrapatu zuen.


Harra eta emea desberdinduko dituzue zuek ezta?
Bai bai. Ezagutzen ziren bai. Eta orain izokiak botatzen hasi zirenean, hasieran ondo etorri ziren izokiak, izango dira 7 bat urte. Hementxe bertan, oraintxe bertan ere umatu zen gure etxe gainean. Akazi bat botea zegoen, eta Bixente difuntuak esan zidan: «hara Joxe, Joxe, Joxe! Barkua ematen du nola dijoan behetik gora!» Bi ziren bata besteari segika, harra eta emea. Horiek egiten dute batek arrautzak egin eta besteak ahoan pasatzen ditu.


Izoki arrantzan zein ziren famosoak? Eltzekondok ere fama bazuen ezta?
Ni Eltzekondorekin ibili naiz amorraitan, bai. Hark ez da­kit, baina hark baino gehiago harrapatuak izango ziren hor, Batxuritarrak. Gai­nera bat, ito egin zen.


Prezio haundia egiten al zuen?
Begira, esango dizut: guk 6,5 kilokoa harrapatu genuen eta horrek 7 pezeta egin zuen kiloa. Eta orduan 7 pezeta asko zen.


Eta amorraiak ze prezio?
Bueno, esango dizut. Hiru pezeta eskaxa, erreal bat gu­txiago edo horrela kilo amorraia. Gero erregea etor­tzen zen garaian Donostira, urtero etortzen zen, eta horrek jende asko ekartzen zuen... eta erreal bat igual altxatzen zen, amorraia.


Eta ze jornal izaten zen orduan?
Gehienaz ere, egunean 8 pezeta edo horrela. Zuk pentsa, zentralean orduan duro bat irabazten zuten eguneko. 30 duro hilean irabazten zuten. Eta bi kilo amorraikin 6 pezeta zeuzkazun. Eta bi kilo amorrai harrapatzeko ezer ez zen egin behar. Saiatu egin behar jendeak. Oraintxe bezalaxe!


Jende asko etortzen al zen erregearekin?
Bai bai. Epele-Etxeberrira eta horietara ere bai. Eta gobernadorea eta denak Epele-Etxe­be­rrira, eta orduan ez kotxean, zaldi-karroan! Aieka batetik eta bestetik jarri horrela sei lagun, hiru eta hiru, eta kotxerua, bi zaldiko karroarekin.


Aingirarik eta jaten al zen?
Jesus, jango ez zen ba aingira? Oliorik ez zen izaten eta… Txapan gainean erreta, aingirak grasa asko du! Askotan etortzen ziren gure etxera, txapa gainean aingira erre eta talo koxkorra eta… Zen­bat eta haundiagoa, eta jateko motelagoa izaten da.


Aingira zenbat haunditzen da?
Leitzaranen harrapatu dut nik 5 kiloko aingira. Bi ziren zulo batean. Argiarekin amorraia geratu egiten da, baina aingira ez, eta behera zetorrela, jarri nion sarea, eta sartu zen, eta bota nuen alde batera, eta lepoa iriki nion. Noizpait ere txistu egin eta Manuel etorri zitzaidan eta hark eraman zuen gora. Eta haiek jan zu­ten. Motela omen zen!


Zer gehiago izaten zen errioan?
Lei­tzaranen kangrejua. He­men ez zen kangrejorik. He­men behin baino gehiagotan proba egin genuen, kangrejoarekin. Epelerrekan ere bai.


Eta zergatik ez da hemen kangrejorik?
Horrek karea behar izaten du. Laxkibar aditzea izango du­zue! Horrek urak analizatzen zituen. Berak esaten zuen, egi­te ezkeroz, Epe­le­rrekan egin­go zirela. Eta ekarri Leitzarandik, eta bota, bai­na ez ugaritzen. Kartolan ere bota izandu genituen Arretxe difuntuak eta biak, baina… ez genuen gehiagorik ikusi.


Eta besterik ba al zen?
Txabaloya bai, oilarra nola izaten da? Arraia, oilarra? Tipo igual igual iguala, baina txikiagoa izaten zen, eta Karabel aldetik behera. Jeneralean lurpean egoten zen. Eta ur-ondoko piztiak asko. Orain galdua dagoena, ur-txa­kurra edo iyaraba bietara esaten zitzaiona; nutria, erderaz. Horiek pasaran bezela etortzen ziren. Oso gutxi izaten zen. Ikaratzeko moduko ka­rraxik egiten zituzten. Nik behin bakarrik ha­rrapatu izandu nuen, eta orduan besteren zepoan. Flo­rentino Altzue­ta­koaren zepoan, eta berari entregatu nion. Nik orduan dozena bat urte izango nituen. Galdu ziren ur-txakurrak. 

Hainbat ofizio

1919an jaio zen Joxe Oiarbide Elortza, Ttanttua, Ereñotzuko Txokolatenea deitzen zaion etxean. Orduan han omen zen frontoia, ezker paretarik gabea, gaur egun etxe horrek eskilarak dituen horretan, Hernaniko «Txerri» edo Txirri modukoa omen zen. Handik zentralera joan, eta han hazi omen zen familia. Ofizio asko izan ditu Oiarbidek: basoan lana egina, ikatz egiten, Hernaniko sereno edo aguazil («gaur egun udaltzain esaten diote»), Lastolako zentralean gero... eta urte gehien Elektrokimikan enkargatu. Ama Osiñagako Oñatinekoa edo Pardiola-Txikikoa,
eta aita Abillaskoa. Familia guztia Ttanttua bezela ezagutzen da. Bertsolariak ere baziren, eta ezagunak, baina Oiarbidek nabarmentzen duenez, beren familian arrantza zuten afizio. «Ttanttotarrak denak arrantzan!»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!