Guztia prest dago Binakako Txapelketako finalerako. Asteartean jokatuko da 17:00etatik aurrera Galarretan eta ostiralean materiala aukeratu zuten bi bikote finalistek. Oso pelota desberdinak aukeratu zituzten.
Alde batetik, Urrizak eta Endikak, pelota mantsoagoak aukeratu zituzten; gogorragoak eta bote gutxikoak (130 g, 127 g eta 131 g-ko bi). Uterga eta Ionek, berriz, arinagoak, biziagoak eta bote haundikoak (131 g-ko bi, 128 g eta 126 g).
Bikote bakoitzak, berari komeni zaion pelota aukeratu du. Uterga eta Ionek pelota horiekin lortu nahi dute Urrizak ez izatea pelotarik tantoak bukatzeko. Urriza eta Endikak, berriz, joko azkarra eta bote haundikoa saihestu nahi izan dute.
Batzuentzat aurreneko aldia
Orokorrean, lau pelotariak materialarekin gustora geratu arren, Urrizarentzat bote gehitxo zuten ia pelota guztiek: «Final baterako gehiegizko botea zutela iruditu zait. Eta horrek kalte egiten dio espektakuluari. Hala ere, garrantzitsuena da, laurok gustora geratu garela».
Urrizak seigarren finala jokatuko du asteartean eta horietatik lau irabazita dauzka. Oraingo honetan, Endika izango du lagun. Erremontista gazteak aurreneko aldiz hartu du parte txapelketan eta finalera iritsi da. Gainera, atzelari gisa jokatzen ari da, beretzako postu berria dena. «Momentuz lasai nago. Final ederra espero da eta konfiantzarekin nago», azaldu du.
Utergarentzat ere debuta izango da eta gainera lesionatuta egon da. Horregatik atzeratu da finala. Dena dela, bera seguru dago: «Oso ondo errekuperatu naiz eta oso ondo sentitzen naiz».
Ionek, berriz, laugarren finala jokatuko du eta orain dela bi urte irabazi egin zuen Zeberiorekin. Aurten ere errepikatzeko asmotan da: «Uterga eta biok lagun onak gara eta oso ondo moldatzen gara kantxan».
Urtasun nagusi,
Banakako Masterrean
Atzo inauguratu zen Banakako Masterra eta Urtasunek ez zion aukerarik eman Juaristiri. 25-30 nagusitu zen.