Gure Esku Dago dinamika herritar bat da, Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidearen inguruan lanean ari dena. Hainbat herritan bezala, Hernanin ere martxan da eta atzo, sentsibilitate eta arlo desberdineko 80 bat hernaniarrek beraien babesa eman zioten dinamikari. Bertan elkartu ziren, euskal-dunak eta erdaldunak, alder-di politiko desberdinetako herritarrak eta arlo desberdinekoak; hala nola, kirol mundukoak, lan mundukoak, kulturakoak, hezkuntzakoak... Izan ere, dinamikaren helburua da, errespetua eta pluraltasuna oinarri hartuta, herritarrak elkartu eta aktibatzea, oinarrizko printzipio demokratiko baten inguruan: erabakitzeko eskubidearen inguruan. Argi dute: «Erabakitzeko eskubidea ez da helburu politikoa, helburu prepolitikoa da». Eta oinarrizko 3 ideia: «Nazioa gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarren garaia da».
Otsaileko aurkezpena, denen topagune
Atzoko irudia, aurreneko pausoa besterik ez zen izan. «Oraindik jende asko falta da», diote Hernaniko taldeko kideek eta ahalik eta gehien zabaltzeko lanean jarraitzeko asmoa dute. Hurrengo pausoa, otsailean emango dute. Aurkezpena egingo dute eta guztien topagune izatea dute helburu.
Gizakatean, 600-700 hernaniar
Euskal Herri mailako deialdi bat ere egin du Gure Esku Dago dinamikak eta horixe izango da hirugarren pausoa. Gizakatea egingo da, ekainaren 8an, Durango eta Iruñea artean. 130 km-ko tartean, 50.000 lagun biltzea da erronka. Hernanik kilometro bat dauka, 101 km-a, eta 600-700 hernaniarrek parte hartzea da helburua.
Jarraipena izango duen dinamika
Aipaturiko hitzordu horiek izan arren hurrengo pausoak, dinamika ez da hor bukatuko. Eta ekimen horien bidez, Hernanin oinarri sendo bat sortu nahi dute.
Irailetik martxan
Gure Esku Dago dinamika ekainaren 8an sortu zen eta 14an aurkeztu zen Hernanin. Bertatik, herritar batzuk martxan jarri zuten Hernani mailako taldea. Irailean hasi ziren lanean eta egun, 36 lagun inguru dabiltza, sentsibilitate desberdinetakoak.