«Bada sinestu ere egiten ez didan jendea, eta normala da, neri ere kosta egiten baitzait askotan, hau guztia neronek egin dudala sinestea. Bizi osoko lana dago hemen!». Ez dio gezurrik Daniel Peralek. Larramendi kalean duen erdi tailer erdi museoan sartu, eta ez da txoko txiki bat bera ere libre ikusten. Han hemenka ditu zintzilik arrabitak, albokak eta albogueak, ogi-flauta edo artzain-flautak, zanfoniak, sistroak, launnedak, txaramela edo goilareak, sareca errusiarra... Guztira, hari-igurtziko eta bestelako 500 tresna baino gehiago eta 60tik gora alboka egin ditu azken 50 urteetan.
Herriminari aurre eginez
Villanueva de la Peñan (Palentzia) jaio zen Daniel Peral Peral duela 78 urte. Baina txikitatik Reinosan (Kantabria) bizi izan zen. Forja astuneko maisu izan da urtetan, eta lan horrek, hain zuzen, ekarri zuen Hernanira. «Abenduaren 9an bete ziren 50 urte Hernanira etorri nintzela. 28 urte nituen orduan, eta Orbegozon lan egitera etorri nintzen. Gero ezkondu eta...».
Erraz moldatu zen Peral hemengo bizimodura, baina ez zuen sekula sorlekua ahaztu. Txikitako oroitzapenei tiraka, etorritako urtean bertan ekin zion soinu-tresnak egiteari. «63 edo 64an egin nuen nire lehenengo arrabita, pinu eta kobrezkoa. Oso kuttuna dudan beste bat da indigaztain egurrezkoa, pieza bakarrekoa, Konpostelako eliz atariko irudian agertzen denaren kopia. Ereduren bat hartzen dut, baina nire pieza guztiak originalak dira. Disko astrolatikoa ere egin nion, hau da, antzinako kantabriarrek eguzkia gurtzeko sortutako ikurra, hemengo lauburuaren tankerakoa. Izan ere, euskaldunak eta kantabriarrak lehengusuak gara! Azkenik, beti jartzen ditut nire inizialak; DP. Eta guztia egiteko 3-4 makinarekin moldatzen naiz. Izan ere, makinek esklabizatu egin gaituzte. Halaxe dago artisautza! Asko komertziante huts bihurtu dira...».
Egile eta jotzaile
Txikitako oroitzapenak, ordea, ez dira tresnaren itxura gogoratzera mugatzen. Hala, egile izateaz gain, jotzaile ere bada Peral. «Elurte haundiak izaten genituen, eta bizilagun baten etxetik bestearenera joanez pasatzen genuen denbora. Horietako bat azken arrabita jotzailea nuen: Antonio Lope Morante, Lin el airoso. Orduan entzundakotik eta nire aitarengandik ikasitako bertso eta doinuetatik datorkit afizioa. Trobadore lana ere ondo ikasia dut! Inprobisazioa argitasuna duenaren ukitua da».
Eta baita ikertzailea ere
Lehenengo arrabita horiek ez ziren izan egindako tresna bakarrak. Hemen ezagutu zuen alboka, eta hau egiten ere hasi zen, 1964ean bertan. Gero, 1984ean-edo, 54 bat urterekin jubilazioa hartu zuen, Orbegozoko birmoldaketa zela-eta. Orduan, buru-belarri hasi zen tailerrean lanean eta ikertzen: egunero 6-8 ordu inguru.
Horren erakusgarri dira eskuz idatzita dituen lauzpabost liburuak. Horietako batean, egindako tresna bakoitzaren erregistroa bildu du: noiz, eta zein tresna eta materialekin egindakoa den. «Herrian moztu diren zuhaitz gehienen egurrarekin egin dut tresnaren bat edo beste!» Beste batzuetan, berriz, albokaren jatorriaz jardun du: «Cervantesek dagoeneko aipatzen zuen alboguea Kixoten. Alboka euskalduna da, noski, hemen mantendu delako, baina penintsulako hainbat lekutan joko zen: beira-putzegileekin lotura du, adibidez; haiek ere arnasketa jarraitua egiten jakin behar baitzuten pieza politak osatzeko. Nik uste arabiarrek ekarria dela, arrabita bera bezala. Alboguearen adarrak zuzenagoak ziren, eta Euskal Herrian kurba haundiagokoak erabili dira, baina antzekoak dira».
Hariari tiraka nola jarraitu?
Egindako lanari jarraipena nola eman kezkatzen du orain Peral. Juan Mari Beltranekin ikasi zuen alboka jotzen bi urtez, Hernaniko Musika Eskolan, baina gainontzean, tresnak egiten, haien inguruan ikertzen eta tresna horiek jotzen bere kabuz ikasi du, eta ez du nahi egindako lana galtzerik. «Horixe esaten dit lagun batek: `Daniel! Hau guztia ezagutzera eman behar duzu zurekin galtzea nahi ez baduzu!´. Arrabita jotzen eta erromantzeak kantatzen erakutsiko nuke, baina ez dakit... Eta Miranda de Ergako beste museoarekin zer egin! Saldu, ez dut ezer saltzen, baina ez dadila galdu! Mila ofizio dituena ez da dirudun egingo, baina bai aberats!».