Sekulako arrakasta izan dute eskubaloi taldeak antolatutako ate irekien jardunaldiek. Hiru saio eginak dira dagoeneko, eta ehundik gora neska-mutil elkartu dira, eskubaloia ezagutu eta probatzeko gogoz. Izandako harrera eta gero, azken saio bat antolatzea erabaki du eskubaloi taldeak. Orain artekoak baino luzexeagoa eta bereziagoa izango da.
Hernaniko eskubaloiaren parte izan zirenekin
saioa, bihar
Izen haundiko jokalari, tekniko eta epaileak pasa dira azken asteetan kiroldegitik. Azken saio honetan ordea, Hernaniko taldeak izan zuen eta oraindik mantentzen duen nortasuna erakutsi nahi diete neska-mutilei. Hori horrela, klubeko kide izan diren izen haundiak izango dira bihar, Kiroldegian: Maider Tolosa, Olatz Ibarzabal, Eli Igarriz, Juan Luis Gato, Alvaro Rezusta, Jon Mutiloa, Josetxo Redondo, Juan Luis Goikoetxea...: «hauei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta baita noizbait klubeko kide izan ziren guztiei ere».
Gazteak, lehendabizi
Berriak eta orain arteko ate irekietan ibilitako gazteak elkartuko dira bihar Kiroldegian. Hori horrela eta plus bat emateko gogoz, saio berezia antolatu dute bereziki 12 eta 14 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta. 10:00etatik 11:30etara izango da, eta ohiko entrenamenduaz gain, partidutxo bat jokatzekoak ere badira. Hernaniko eskubaloi taldeko jokalari ohiekin ariko dira, eta hauen laguntza eta esperientzia jasoko dute, azken saio honetan.
Txikienen txanda,
ondoren
Herriko txikienen txanda izango da ondoren. 11:30etatik 13:00etara. Jokoak eta bestelako teknika saioak jasoko dituzte neska-mutil hauek azken saio honetan.
«Gure lana egiteko modua ezagutzea nahi dugu»
Ate irekietako saio bat baina zerbait gehiago izatea nahi dute biharkoa. Hori horrela, eskubaloi taldetik diote, biharko helburua ez dela soilik eskubaloia ezagutaraztea eta neska-mutilek jolastea: «guraso, familia, lagun eta gerturatzen diren guztiek gure lan egiteko modua ezagutzea nahi dugu, gu ezagutzea, eta proiektua aurrera eramateko jarri dugun mimo guztia jaso eta ikustea».
Eskubaloi eskola martxan,
urtarriletik aurrera
Orain arte egindako lan guztiak urtarriletik aurrera fruituak ematea aurreikusten du eskubaloi taldeak: «2014ko urtarrilean martxan izango da Hernaniko Eskubaloi Eskola. Eskola Kirolaren osagai banatu ezina izatea izango da gure helburu nagusia, eta era berean, gure klubeko etorkizuneko jokalariak sortuko dira bertatik».
Azken asteetan Kiroldegira gerturatu diren jokalariei, esker hitzak Eskubaloiak izan duen harrera azpimarratu nahi dute taldetik, eta bide batez, gogoratu eta eskerrak eman, ate irekiak medio, Kiroldegitik pasa diren jokalari guztiei: «ate irekietako neska-mutil gehienek ez zituzten ezagutzen, baina pertsona guzti horiek kiroldegira ekarri izana esfortzu haundia izan da denontzat. Lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei: Imanol Alvarez eta Martini, Bera Berako nesken taldeko eta Euskadiko selekzio absolutuko teknikoei; Susana Pozasi, Hernani eta Bera Berako jokalari ohiari; David Rodriguezi, Bidasoako jokalari ohia eta Europako txapeldunari; Julian Eskideri, Bidasoa, Hernani, Egia eta Ereintzako jokalari ohiari, eta azken honetako teknikoari; Carlos Guideri, Asobaleko epaile internazionalari; eta Nery Carla Albertori, palmares ikaragarria duen jokalariari, besteak beste, brontzea 2012ko olinpiadetan, eta 2011ko Brasilgo mundialetan».