Bertsoak, literaturak eta musikak bat egingo dute gaur, ‘Kafkaren aulkian’

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 26a, 01:00

Emanaldi berezia prestatu dute gaur, Bertsolataren barruan. Kafkaren aulkia izeneko ikuskizunean, bat egingo dute bertsoak, literaturak, poesiak eta musikak. Andoni Egaña eta Uxue Alberdik prestatutako saioa da, Pello Ramirez musikariarekin batera. Saio bakoitzean, idazle bat gonbidatzen dute eta oraingoan, Jon Sarasua izango da tabladu gainean, bertsoa ondo ezagutzen duen idazlea. Emanaldia 19:30etan izango da Biterin eta sarrerak momentuan bertan egongo dira salgai, 6 euroan.

Hitza, emanaldiaren ardatza
Kafkaren aulkia emankizuna, ordu eta erdi inguruko jarduna izango da. Hitza izango da emanaldiaren ardatza: hitz idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat batekoa eta pa­txadaz hausnartutakoa. Bi bertsolarien jarduna inprobisatua izango da eta Sarasua­ren errelatoan sartuko dira hark agindu ahala. Sarasuak osatuko du eman­kizunaren ardatz izango den errelato nagusia, berak aukeratutako genero, molde eta tonuan. Egañak eta Alberdik, pertsonaia literarioen ahotik eta euren ahots propiotik kantatuko dute.

Jaialdi nagusian, txapelketako 6 bertsolari
Jaialdi nagusia, urtarrilaren 3an izango da, 19:30etan Biterin. Bertan, Txapelketa Nagusian aritu diren sei bertsolarik kantatuko dute: Maia­len Lujanbio, Amets Arzallus, Unai Agirre, Unai Iturriaga, Iñaki Zelaia eta Jone Uria. Gai jar­tzaile lanetan, Agin Laburu ariko da. Sarrerak salgai daude Tri­pontzi, Aralar eta Kixkalen, 6 euroan. Bestalde, Urtezaharreko errondak ez du hutsik egingo aurten ere. 18:00etan abiatuko dira Plazatik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!