Hainbat urte kartzelan pasa edo herritik kanpora eta berriz herrira bueltatzea ez da erraza izaten. Harrera Elkartea sortu berri da, eta helburua du laguntza ematea herrira etorri eta zailtasunak izan ditzakeen pertsona horri. Natza elkarteak antolatuta, hitzaldia eman zuten joanden astean Harrera Elkarteko Juankar Ioldik eta Jon Ugartek, Hernanin ere taldetxo bat sortzeko asmoarekin. Ioldik eta Ugartek adierazi zutenez, horrelako elkarte baten beharra aspalditik ikusten zen, eta orain behar hori haunditu egin da, ia 70 preso batera xamar atera direnean.
«Behar haundiak»
Preso eta iheslari asko eta asko dira Euskal Herrian, gatazka politikoaren ondorioz. Hitzaldian adierazi zutenez, 1936tik gaur egun arte, presorik gabeko astebete bakarrik izan omen da, amnistia eman zenean, hain justu. Gero, 1980an berriz bete egin ziren kartzelak.
1978tik 8.000 preso atera dira kalera. Orduan hasi ziren ikusten preso egon eta gero herrira bueltatu eta laguntza behar izaten zela, eta gaur egun ere beharrak tankerakoak izaten omen dira. «Behar haundiak izaten dira. Guk diagnostiko bat egin dugu, eta errealitate asko errepikatu egiten dira». 50 preso ohi hartu dituzte, eta galdetegi bat pasa diete. Hortik ateratako emaitzen txostena beste 250 preso ohiri pasa diete, eta horien erantzunekin diagnostiko oso bat egin du Harrera Elkarteak.
Errepikatzen diren
errealitate eta beharrak
Diagnostikoa egina dago, eta egoera oso zehatzak badauden arren, errepikatzen diren puntu batzuk ere badira, azpimarratzeko modukoak. Adibidez, kasu askotan izaten dira antsietateak, fobiak, oldartzeko joerak... gaitzak ere aipatzen dira: ultzerak, min biziak...
Askok diote hirira bueltatzea edo herri txiki batera bueltatzea ez dela gauza bera. Orokorrean, errazago moldatzen dira herri txiki edo ertainetan. «Beste puntu bat ere gehienek aipatzen dutena: presoaren adina, eta zenbat urte egin dituen barruan». Garrantzitsua da, baita ere, etxe giroa nola utzi zuen, edo koadrilak elkartuta jarraitzen duen...
«Behar zehatzak izaten dira:
dentista, lentillak, lana...»
Harrera Elkarteak oso izaera «asistentziala» duela adierazi zuten hitzaldian, eta nahiko modu praktikoan saiatzen direla funtzionatzen. «Osasun txartela egiten lagundu, nortasun agiria berritu...». Ekonomikoki ere laguntza behar izaten da: «lana bilatzen laguntzea, alkilerra ordaintzen lagundu... askotan hori baino ere zehatzagoa izaten da beharra: lentillak adibidez, hortzak...».
Harrera Elkarteak 1.500 bazkide ditu, eta pixkanaka talde hori haunditzea nahiko lukete, elkarteak laguntza emateko baliabideak haundiagoak izan daitezen.