Joan den astean, asteazken goizean hainbat hernaniarrek sustoa hartu zuen kotxera joan eta isuna jarria zeukala ikusi zuenean: «baina kotxea ondo aparkatuta daukat-eta!» izan zen askoren erreakzioa, eta gero konturatu ziren benetan zer zen. Hernani Visa Txartela promozionatzeko kanpaina zen, CTRL+Studio agentziak egindakoa. Bere ardura da Hernani Txartela promozionatzea, eta isun publizitarioak banatzea ere euren ideia izan zela dio, Aitor Saizar, agentziako kideak: «Udalak ez dauka inongo errurik, guk aurrez abisua emana geneukan, eta baimena bagenuen, baina 4.000 isun banatu genituen, eta horren ardura gurea da». Hasi Ereñotzutik eta Hernaniko auzo guztietaraino iritsi zen isuna, eta eragin haundia izan zuela dio Saizarrek, jendeak asko hitz egin zuelako txartelari buruz. «4.000 paper banatu genituen eta gure asmoa zen mezua jendeari zuzenean iristea. Uste dugu lortu dugula; multaren kontua ahaztu du jendeak, eta txartelari buruz hitz egiten ari da».
«Asko konturatu ziren kotxe guztiek zeukatela isuna»
Dena dela, keja batzuk jaso zituen Udalak, eta barkamena ere eskatu zuen biharamunean. Intentzio txarrik batere ez zuela dio Saizarrek. «Garai konplikatuak dira ekonomikoki eta aparkaleku aldetik, eta ulertzen eta sentitzen dugu jende bat haserretzea. Baita ere, esan behar dugu, asko izan zirela ingurura begiratu eta ikusi zutenak multa kotxe guztiek zeukatela jarrita. Multan bertan ere jartzen zuen broma zela».
Herritarren txartela,
ez negozio bat
Sorpresa gehiago ere izango direla adierazi dute Ane Guerra, Aitor Saizar eta Aitor Polo agentziako kideek. «Kanpainak segi egingo du urtarrilera arte, eta sorpresa gehiago ere izango dira». Helburua da, jendeak barneratzea, benetan ze komertzio daukagun Hernanin, eta gure esku dagoela mantentzea. Alde horretatik Visa Txartela bultzada haundi bat da. «Ez da negozio bat, herritarren txartela da, txartel unifikatu bat, eta aukera pila bat ematen dituena. Benetan interesgarria da txartel hau».