Umeen jaialdiarekin hasi zen Bertsolata, joan den asteartean, eta guztira bost saio izango dira aurten. Tartean, Kafkaren Aulkia izeneko saioa dute ostegunean, bertsoa, musika eta literatura biltzen dituen saio berria. Urteroko ekitaldiak dira gainerakoak. Olentzero baserriz baserri ibiliko da asteartean, urte zaharretako erronda dute abenduaren 31n, eta jaialdi nagusia urtarrilaren 3an.
Gabon eskea baserriz baserri, Olentzero tartean hartuta
Gabon bezperan urtero-urtero ateratzen da Olentzero, eskean, Hernaniko baserrietara. Zikuñaga eta Osiñagako baserri eta sagardotegietan pasako dira koadrilan, trikitixa eta bertsoa lagun hartuta, etxe atariak berotzera. Autobusean inguratuko dira Osiñaga alderaino, eta horretarako zita egin dute Biteri ondoan, arratsaldeko 15:30etan. Nahi duen guztia gonbidatuta dago.
‘Kafkaren Aulkia’, emanaldi
berezia ostegunean
Iraulio Panttalone bertso eskolak urtero antolatzen du ekitaldi bereziren bat, eta aurten ere izango da, Kafkaren Aulkia, datorren ostegunean, 19:30etatik aurrera. Bertsoa eta literatura berez oso gertu egon badaitezke ere, ez dira askotan elkartu izan emanaldi bat elkarrekin egiteko. Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariek prestatu dute saioa, Pello Ramirez musikariarekin batera, eta saio bakoitzean idazle bat gonbidatzen dute, beren saiora. Datorren ostegunean bertsoa ondo ezagutzen duen idazlea izango da tabladu gainean: Jon Sarasua, hain justu ere.
Saioak beraz, bertsotik, literatura eta poesiatik eta musikatik izango du. Sarrerak egunean bertan izango dira salgai, Biterin bertan, 6 euroan. Saioa, 19:30etan.
Jaialdi nagusiko
txartelak salgai
Urtea bukatzeko erronda egingo dute bertso eskolako kideek, Ohitura Zaharrak abesbatzarekin batera. Abenduaren 31n, arratsaldeko 18:00etatik aurrera abiatuko dira Gudarien plazatik, eta kalean gora eta behera ibiliko dira, bertsoa eta kantua lagun dutela. Nahi duen guztiari esan diote azaltzeko.
Jaialdi nagusia, urtarrilaren 3an da, 19:30etan, Biterin. Txapelketa Nagusia pasa berritan, beti izaten da ikusmin berezia bertsolariak zein gorputzalditan dauden ikusteko, eta aukera polita izango dute Hernanin. Bertan ariko diren sei bertsolariek kantatu dute aurtengo txapelketan, saio batean edo bestean: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Unai Agirre, Unai Iturriaga, Iñaki Zelaia eta Jone Uria ariko dira. Gai jartzen, Agin Laburu.
Sarrerak salgai, 6 euroan, Tripontzi, Aralar eta Kixkalen.
Umeen saioa, bikain
Bertsolatako lehendabiziko saioa umeentzako jaialdia izan zen, asteartean eta Agin Laburuk eta Eli Pagolak gozatzen eduki zituzten Biteri bete zuten haur guztiak.
Bertsolata
Abenduak 24
Olentzero baserriz baserri.
15:30etan Gudarien plazan.
Abenduak 26
Kafkaren Aulkia.
Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariak Pello Ramirez musikariarekin. Jon Sarasua idazle gonbidatua. 19:30etan Biterin (sarrerak 6 euroan, egunean bertan).
Abenduak 31
Urte Zaharretako Erronda.
18:00etan Gudarien plazan.
Urtarrilak 3
Jaialdi Mundiala.
Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Unai Agirre, Iñaki Zelaia eta Jone Uria. Gaijartzaile: Agin Laburu. 19:30etan Biterin (sarrerak 6 euroan, Tripontzi, Kixkal eta Aralar tabernetan).