Bukatu da kirol instalazioei buruzko parte hartze prozesua, eta epe motzean egingo diren ekintzen artean dago BMX parke bat egitea, bizikletentzeko koskak dituena, saltoak eta abar egiteko. Frontoi txiki bat ere egin nahi da, oraingo frontoiko graden azpian, eta auzolanean egitea baloratzen ari dira. Iturri gehiago jarriko dira kirol praktikak egiten diren lekuetan (Tilosetan, adibidez), eta komun publikoren bat ere jarri nahi da... Epe motzean eta luzean egin beharrekoak zehaztu dira, parte hartze prozesuan. Lau bilera egin dira. 33 lagun hasi eta 17k bukatu dute, eta parte hartzea nahi adinakoa izan ez bada ere, oso interesgarria izan dela adierazi zuten ostiralean, Beñat Amenabar eta Luis Intxaspek Gobernu Taldearen izenean, Imanol Azkuek prozesua bideratu duen Elhuyarreko teknikariak, eta Garbiñe Tijerok parte hartzaileen izenean. Txosten osoa eskuratu nahi duenak kiroldegian eskatu dezake.
Parkeetan kirola egiteko makinak jarriko dira
Epe motzean egingo diren beste gauza batzuk ere aipatu zituzten ostiralean. Adinekoentzat, adibidez, parke eta leku publiko batzuetan makina bereziak jarriko dira ariketa fisikoa egiteko.
Oinez ibiltzea gustoko dutenentzat, ibilbide sareak gehiago markatuko dira, seinalizatu, eta mapak ere egingo dira.
Ave Maria parkean kirol praktikak egiteko zer jarri litekeen aztertuko da, adibidez, mahai tenisean jokatzeko mahaia jarriko da.
Kiroldegiko sarrera nagusia, ataria, kirol espazio bezala jarriko da, adibidez, luzaketak egiteko panelak...
Gazte talde batek proposatuta, BMX parkea jarriko dute, eta oraingo Skate parke txikia egokitu egingo da. Skate parkeak, adibidez, erabilera haundia daukala adierazi zuten, eta txukundu bat emango zaio.
Urumeako Gay Mur eraikinean pista libre egoten da arratsaldez eta asteburuetan, eta beste kirol batzuk egiteko lurra margotuko da.
Horiek dira egingo diren ekintza batzuk, baina gehiago zehaztuta daude txostenean.
Foroak jarraitu egingo du
Parte hartze foroak atera duen lehendabiziko ondorioa izan da, foroak segi egin behar duela, ikusi litezkeen txostenari jarraipena egin eta momentuero ikusten diren beharrak zerrendatzen joateko. Kirolgune Foroa deituko diote.
Prozesuaren ondorengo txostenean, egingarrienak diren ekintzak aurrena jarri dira. Horietako asko 2014an egingo dira, eta horretarako diru partida bat gordeta dauka Udalak. Gainerakoak, zerrendan geratu dira, aurrera begira egiteko.
Azpimarratzeko hiru puntu
Gobernu Taldeak dioenez, egindako prozesu guztiaren ondoren, hiru puntu behintzat azpimarratzekoak dira. Batetik, prozesuan kirola ez dela zentzu klasikoan ulertu, baizik askoz zentzu zabalagoan. Bestetik, hor ikusi dela Hernanin kirolak benetan sekulako pixua daukala. Eta azkenik, jendeak azaldu duen disposizio ona parte hartzeko, eta lau goizetan lanean aritzeko, prozesu honetan.