Igogailu berria Kiroldegitik Urbietara, datorren urteko proiektuetako bat

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 21a, 01:00

Astearteko Plenoan 2014ko Udal aurrekontuak onartu ziren. Udalak 30.813.312 euro izango ditu datorren urtean, %2,3 gehiago. Igogailuaz gain, honako proiektuak ditu Udalak datorren urterako: Buruntzaldean entitate juridiko bat sor­tzea garapen sozioekonomikorako, trafikoa hobe­tzea Antziolan, Karabelgo zubia eta lezoia egitea, auzoak indartzea, gaztedia, parekidetasuna eta aniztasuna bultzatzea... Horrez gain, partida berri bat izango da presoen senideentzat.

Hernaniko Udalak 30.813.312 euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurten baino 713.829 euro gehiago. Udalak diru gehiago izango du 2014an, diru sarrera gehiago izango duelako Fon­do Foraletik. Foru Aldun­diaren aurreikuspenen arabera, 10.940.000 euro izango ditu Hernanik, hau da, %7,4ko igoera aurreikusten dute. Dena dela, urte bukaeran aldaketak egon litezke, adibidez aurtengorako, aurreikusten zena baino %2,20 gutxiago izango dela jakinarazi du Dipu­tazi­oak. Honekin lotuta, EAJ-PNVk datuekin egindako in­ter­pre­tazioa ez dela zuzena dio­te Luis Intxauspe alkateak eta Aitor Miner zinegotziak. Eta Diputazioak kopuru hori aurrei­kusten badu ere, 210.000 euro gutxiago jaso du Udalak aurrekontuetan, badaezpada, «urtero gutxiago izaten delako». Bestalde, gastuetarako, 200.000 euroko partida bat gorde du. Horrez gain, hirigintza arloko proiektu batzuekin lotuta, beste bi diru sarrera garrantzitsu ere izango dira: Abiadura Haundiko Trena­ren desjabetzeengatik (460.000 eurotik zati haundi bat) eta Karabelgo obragatik (617.000 eurotik zati haundi bat). Horiek dira igoera eragin duten diru sarrera nagusiak, zerga eta tasek, berriz, ez dute eraginik izango. Hala azaldu du Minerrek: «Udalak ez du gehiago bilduko zergetatik, igoera KPIaren (IPC) araberakoa izan baita, %0,6».

Langabetuentzako zerbitzuak berritu
Ildo batzuk jarraituz banatuko du dirua Udalak eta indartu nahi dituen proiektuen artean dago, Buruntzaldean entitate juridiko bat sortzea, tokiko garapen ekonomiko eta sozialerako (120.000 euro). «Proze­su bat dago martxan eskualdean eta jarraipena emango diogu. Horrekin lotuta, Her­nani mailan, enplegu gunea berrantolatuko dugu eta langabetuei zuzentzen zaizkien zerbitzuak berritu eta hobetuko ditugu», azaldu du Luis Intxauspe alkateak. Horrez gain, nabarmendu du Bic Berrilan enpresarekin elkarlanean ari direla. «Enpre­sa honek berrikuntza eta teknologia arloa lantzen ditu. Eta enpresekin arlo hori aztertzen ari gara. Zerbait egin nahi dugu enpresetan berrikuntza teknologikoa bultza­tzeko». Ho­ri ho­rrela, Hezkun­tza eta En­plegu sailean gastuak igoko dira, formakuntza ikastaro berri horiek egongo direlako eta Bic Berri­laneko proiektua dagoelako.

Trafikoa arintzeko, bi aldaketa
Mugikortasunari lotuta bideratuko du beste diru partida bat Udalak. «Zenbait gunetan, sarrera irteeretan, ataskoak sortzen dira, batez ere Antziolan, eta trafikoa arindu beharra ikusten dugu. Txillida pasealekuan bi norabidetara jarriko (90.000 euro) dugu trafikoa eta Latsunben zentzuz aldatuko dugu (20.000 euro). 2011ko trafiko aldaketaren helburua zen kotxeak herrigunetik ateratzea eta oinezkoek, bizikletek… lehentasuna izatea. Filosofia horrekin bat egiten dugu eta eredu hori bultza­tzen jarraitu nahi dugu, eta zenbait hobekuntza egin», azaldu du Intxauspek.

Igogailu berria eta Elorrabiko zubia
Irisgarritasunaren aldetik, igogailu berri bat egitea ere bada Udalaren asmoa, datorren urteari begira. Kirolde­gitik, igerilekuen aldetik, Urbieta kalera igoko da (470.000 euro). Horrez gain, Elorrabiko zubia ere egin nahi dute (75.000 euro). «Elorrabiko zubia garrantzitsua iruditzen zaigu, gauza asko ukitzen baititu: mugikortasuna, kirola, uholdeak…», dio alkateak. Bestalde, Karabelgo proiek­tua aurrera doa eta datorren urterako aurreikusten da zubi berria egitea (307.000 euro) eta lezoia egitea (306.000 euro). Lezoiaren gaineko urbanizazioa atzeratu egingo da, URAren erabakiz, eta 2015ean egingo da hori. Obra hauen eraginez, Hirigintza eta Ingurumen saileko partida igo egingo da aurtengo aurrekontuarekin konparatuta.

Auzoetako partida bikoiztu eta auzolanerako dirua
Auzoak edo auzo elkarteak indartzeko asmoa azaldu zuen Udalak legegintzaldi hasieratik eta datorren urteari begira, zeregin horrekin jarraitzeko asmoa du. Hori horrela, diru partida hau bikoiztu egin du (106.000 euro). «Auzo elkarteak guretzat oinarri dira eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu horietara dirua bideratzea. Auzoetan jaiak egitea, ekin­tzak egitea…», azaldu du Intxauspek. Eta horrez gain, auzolana bultzatzeko, beste partida bat egongo da datorren urtean (50.000 euro). «Auzolana indartzen ari da. Auzoak, gero eta proiektu gehiago egiten ari dira auzolanean: Osiñagan instalazio elektrikoak aldatu dituzte, Epelen aterpea egin dute, Martindegin auzo elkartearentzat lokala egin nahi da… Udalak proiektu horiek la­guntzea oso garrantzitsua da», gaineratu du. Dirua nola banatu beraiek erabakitzen dute, parte hartze batzordean.

Presoen senideentzako diru laguntza
Partida berri bat ere izango da datorren urtean. Presoen senideentzako diru laguntza (90.000 euro). Oposizioak zabaldutakoari erantzunez, alkateak argitu du, diru hori preso guztien senideentzako izango dela eta ez preso politikoen senideentzako bakarrik. «Gizarte politiketarako bideratzen den diru partida bat da, egoera berezian dauden senideentzat eta Hernanin berria bada ere, herri askotan egon da eta dago diru partida hau. Eta ez Bildu agintean dagoen Udaletan bakarrik», nabarmendu du.

Gaztedia, parekidetasuna eta kultur aniztasunerako, teknikari bat gehiago Gaztedia, parekidetasuna eta kultur aniztasuna bultzatzea ere bada Udalaren helburua eta kasu honetan, diru partida igotzeaz gain, giza baliabideak igoko ditu. «Hau da teknikari bat zegoen lehen eta orain beste bat jarriko dugu jornada erdiz», azaldu du Intxauspek. Hori horrela, Po­litika sozialen arloan, 100.000 euroko igoera izango da.

Kirol foroetako eskaerei erantzunez
Kirol foroetan atera diren proposamenak aurrera eramateko ere partida bat aurreikusi du Udalak (95.000 euro eta 200.000 euro). «Gure filosofiari erantzunez da, hau da, parte hartze prozesu bat bultzatu dugu eta bertatik atera diren eskaerei erantzutea beharrezko ikusten dugu». Beste zenbait sailetara ere diru gehiago bideratuko da; hala nola, Euskarara (82.000 euro gehiago). Turismoa indartzeko ere, diru partida haunditu dute.

Zorpetze maila txikia
Zenbait gastu gutxitu egingo direla aurreikusi dute. Esa­terako, uraren kontsumoarekin lotuta. Errebisioak egin dituzte, ur galerak detektatu… Maileguetan ere jaitsiera egongo da. «Aldundiari Fondo Foraletik itzuli behar zitzaion kopurua bueltatu da eta Hernanik zeukan mailegu bat ordaindu da dagoeneko. Hernani, bere mailako he­rrien artean, zorpetze gutxienetakoa daukan herria da. %8a da zorpetze maila eta %56an dago muga», dio Minerrek.

Lehenbailehen egiteko, 3 obra zain
Aurtengo, hau da, 2013ko aurrekontuetan bildutako hiru proiektu egin gabe geratuko dira eta lehenbailehen egiteko asmoa du Udalak: Kanpoko igerilekuetako taberna, Arantzazu plazan parkina eta Paradoreko aparkalekua egokitzea.

Oposizioa, aurka
2014ko aurrekontuen proposamena astearteko Plenoan onartu zen Gobernu Taldearen aldeko botoekin. Oposizioko hiru alderdiek (PSE-EE, EAJ-PNV eta H1!) kontra bozkatu zuten. Estefania Morcillo PSE-EEko bozeramaileak azaldu zuen transparentzia gutxiko aurrekontuak zirela eta partidistak. Trafiko aldaketarekin ez zeudela ados azaldu zuten, 2011ko aldaketa porrot bat izan dela, eta Txillidako aldaketa ez dela soluzioa izango. «Azterketa sakon bat egin behar da», azpimarratu zuen. Horrez gain, Gobernu Taldearen konfiantzazko langileengana jo beharrean, udaleko langileekin gastuak gu­txitu litezkeela azaldu zuen eta inbertsioetarako diru gutxi biltzen dela. Bestalde, aurrekontuan Atez Atekorako azaltzen den diru partidarekin ere ez dago konforme. «Diru asko gastatzen ari gara. 1.583.000 euro kos­ta­ko da Atez Atekoa; eta horri gehitu behar zaio San Mar­kosi or­daindu behar zaizkion 235.000 euroak. Lehen milioi erdira ez ginen iristen». Minerrek erantzun zion ez direla datu zuzenak ematen ari, eta hori badakitela: «Bilketa honek dituen gastuak bakarrik aipatzen dituzue, baina sistema honekin diru sarrerak ere badira. Gainera, San Markosi ordaindu beharrekoa sartzen duzue eta hondakinen tratamendu kostea, baina 2009ko sistemaren datuak ematerakoan, ez dituzue kontuan hartzen». Sozialistek osoko zuzenketa aurkeztu dute eta baita EAJ-PNVk ere. EAJren esanetan, aurrekontuak puztuta daude. «Fondo Foralaren aportazioa %7,4 igotzea aurreikusten da; 2013an ere, %7,74 igotzea aurreikusten zen eta %2,20 jaitsiko da. Diru sarreren kapitulua erreala izatea eskatzen dugu». Eta gaineratu dute: «Presoen familientzat 90.000 euro aurreikusten d­i­ra eta gehiegizkoa dela uste dugu, garraio publikorako, haur eskola­ra­ko edo berdintasunerako bai­no diru partida haundiagoa baita. Egokitzea eska­tzen dugu». Azken ideia honekin ere bat datoz sozialistak. Atez Atekora bideratzen den diruarekin ere ez daude ados jeltzaleak.

Jendaurrean ikusgai
Orain, aurrekontuak jendaurrean daude ikusgai. Astear­tetik, 15 laneguneko epea da­go aurrekontuak aztertzeko eta erreklamazioak egiteko.


* Aurrekontu osoa
: ..................................................... 30.813.312
Udala+Ongintza+Ereñotzu: .......25.202.691+7.804.773+349.108

* Udalari bakarrik dagozkion gastuak:
-  Pertsonala: ...................................................................8.107.074
- Ondasun arrunt eta zerbitzuak: .................................10.088.900
- Finantza gastuak: .............................................................26.600
- Transferentzia arruntak: ...............................................4.106.046
- Inbertsio errealak: ........................................................2.335.265
- Kapital transferentziak: .....................................................98.705
- Finantza aktiboak: ..................................................................100
- Finantza pasiboak: ..........................................................440.000

* Proiektuak:
- Buruntzaldeko entitate juridikoa: 120.000 euro
- Txillida bi norabidetan jarri: 90.000 euro
- Latsunbe zentzuz aldatu: 20.000 euro
- Igogailua: 470.000 euro
- Elorrabiko zubia: 75.000 euro
- Karabelgo zubia: 307.000 euro
- Karabelgo lezoia: 306.000 euro
- Auzo elkarteak: 106.000 euro + 50.000 euro (auzolana)
- Presoen senideentzat: 90.000 euro
- Kirol foroetako proposamenetarako: 95.000 eta 200.000 euro
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!