Hernanik hortzak erakutsiko dizkio gaur VRAC indartsuari

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 21a, 01:00

Landaren jokatuko da partidua, gaur, 16:00etan hasita. Zaleei Landarera jaisteko deia egin diete klubetik, gaur inoiz baino gehiago beharko baitu Hernanik babesa.

Iazko txapeldunak, VRAC haundiak, bisitatuko du gaur Hernani, Landaren. Maila ikaragarrian ari dira joka­tzen gaztelarrak eta bi­ga­rren postuan dijoaz mo­mentuz, Independiente liderrarekin berdinduta. Biga­rren itzuliari hasiera emango dio gaur Hernanik, eta garaipena lortzea besterik ez du­te helburu. 16:00­etatik aurrera jokatuko da, Landaren.

Porrotei buelta emateko gogoz
Aurrean talde gogorra izango du gaur Hernanik, baina ho­rrek ez dio dena emateko ausardia eta gogoa kenduko. Azken lau partiduetan izandako joera ezkorrari buelta ematateko premia dute hirukoloreek. Ez dute lan erraza, baina klubetik azaldu duten moduan, ez da ezinezkoa izango. Pepe Rojo zelaian, VRAC taldearen kontra jo­katutako partiduan, hortzak erakutsi zizkion Her­nanik, eta gaurkoan, talde bera zelairatuko dute Landaren.

VRAC: ondo egituratutako taldea
Ligako talde indartsuenetakoa da VRAC gaztelarra. On­­­do egituratutako taldea da, eta hori da, guztiaren klabeetako bat. Jokoa ere, ikusgarria dute. Aurreko lerroetan, aipa­tzekoak: hirugarren lerroan, Gavidi eta Newton; bigarren lerroan, Molina; eta aurrenekoan, Barnes. Lehenengo lerro hori indartzeko gainera, Zee­landa Berritik Scott Vessey harroina fitxatu dute, orain arte Northland taldean aritutakoa. Maila ikaragarria hortaz, aurreko lerroetan. Eta atzeko lerroei dagokienean, zer esanik ez: Griffiths, Muller anaiak, Sergio Fernandez edo Perico Martin haundiak, esaterako. Ligako azkarrenak izango dira ziurrenik, eta baloia gu­txik bezala mugitzen dute Azken partiduetan ez du nahi besteko maila eman VRAC taldeak, eta horrek galduarazi die inork gutxik zalantzan jartzen zuen lidertza. Valladolideko derbia galdu eta gero, nekez irabazi zuten Sevillan, joan den astean. Bigarren itzulia beste jarrera batekin hasteko asmoz iritsi dira gaur Hernanira eta horrek are aurkari arriskutsuagoa egiten du.

Landarera jaisteko deia
Gaurkoan irabazten duenak irabazita, espektakulua ziur­­­­tatua izango da Lan­daren. Santo Tomas eguna izaki, klubetik diote, ez dela egunik aproposena Landa­rera jaisteko. Hori horrela, deialdi berezia egin diete zaleei, Her­nanik behar duen bultzada ematera inguratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!