Olañeta, 100% Gipuzkoan egindako garagardoa probatzeko aukera jarri dute gaur Gunea garagardotegian. Berezitasun guztien artean, bi ditu azpimarratzekoak: modu artesanoan egindakoa dela erabat, eta osagaien artean, hain goraipatua den Añarbeko ura duela. Garagardoa Aste Santutik dago merkatuan, eta gaurko nobedadea da, barril edo kupeletik aterata probatzeko aukera izango dela. 19:00etatik 22:00etara jarri diete hitzordua garagardozaleei. Egileetako bi, Pablo eta Iñigo Olañeta errenteriarrak, bertan izango dira, zalantza, kuriositate eta bestelakoak azaltzeko gogoz.
Zerbeza rubia eta tostatua
Bi garagardo daude merkatuan: rubia eta tostatua. Berezitasun gisa dute filtratu eta pasteurizatu gabeko garagardo naturalak direla, eta botilan bigarren aldiz fermentatzen direla. Alkohol graduazioari dagokionez, rubiak 5º ditu eta tostatuak 6º.
Gunea garagardotegian eta Kitton badira hilabete batzuk aukeran dituztela. Javi jabearen esanetan, garagardo oso ona da, eta probatzen duen jendeak errepikatu egiten du: «zerbeza hau ikaragarri ona dago entzun izan dut askotan; marka on edo ezagun askorekin alderatzen dute bezeroek. Garagarrez egindako zerbeza da, eta jendeak estimatu egiten du hori. Gustoko garagardoen artean dute askok orain, kalitate oso onekoa baita».
«Añarbeko ura, berezia»
Zein da ur batekin edo bestearekin egitearen aldea? askok egiten diete galdera hori Olañeta anaiei, garagardoa Añarbeko urarekin egina dela esaten dutenean. Erantzuna, argia da: «Añarbeko urak nortasuna eta izaera ematen dio Olañeta garagardoari. Ez da gauza bera hemengo ura erabili edo beste nonbaitekoa. Mineralizazioak asko esan nahi du, eta garagardoaren kalitatean asko nabaritzen da. Añarbeko ura onenen artean dago, eta horregatik azpimarratzen dugu hainbestetan».
0 Km politika: bertan ekoiztu, bertan kontsumitu
Patxarana, sagardoa eta beste hainbat edarirekin gertatu den bezala, geroz eta gehiago dira garagardoa etxean egiten dutenak. Anaiek diote, lehengora itzultzeko ohitura areagotzen ari dela, eta etorkizuna 0 Km politika bultzatzea dela: «bertan ekoizten hasi behar dugu: edariak, baratzak... eta bertan kontsumitzen. Gure gertuko batek zioen, bertan erosten baduzu, diru hori bueltan etortzen dela, eta ez zuen arrazoirik falta».
Garagardoaren kultura, bultzatu
1921etik dago Licorera Vasca enpresa martxan. Egun, Pablo, Jose Luis eta Iñigo anaiek daramate, baina sortzaileak Jose Luis aitona eta Ezequiel aita izan ziren. 2010ean berritu nahian, merkatuan zeuden edari eta bestelakoak aztertzen hasi ziren, eta hala hasi zuten garagardo artesanoa egitearen prozesua. Etxean hasi eta komertzializatzera iritsi dira. Orain garagardoaren kultura bultzatzea dute helburu: elkartu, probatu... beste edariekin egin ohi den moduan.