2014 urteko udal aurrekontuen proposamena onartu zuen asteartean, Plenoak. 30.813.312 euroko aurrekontua izango du Hernanik datorren urtean, aurten baino %2,3 gehiago; 713.829 euro gehiago. Gobernu Taldearen botoekin onartu ziren; oposizioko hiru alderdiek (PSE-EE, EAJ-PNV eta H1!) kontra bozkatu zuten. Osoko zuzenketak aurkeztu dituzte.
Orain, aurrekontuak jendaurrean ikusgai daude eta 15 laneguneko epea dago aurrekontuak aztertzeko eta erreklamazioak egiteko. (Gaiari buruzko informazio zabalagoa emango du Kronikak asteburuan).
Floridan 308 etxe, eta guztiak babes publikoren bat dutenak
Lankidetzarako hirigintza hitzarmen bat ere onartu zuten Plenoan. Hitzarmena, Udalaren eta Diputazioaren Itten Herriekin Lan Egiten S.A. erakundearen artekoa da, Floridako urbanizazio planari dagokiona. 2006an, Etorlurrekin (gaur egun, Itten) hitzartu zuen Udalak AMR Floridatik atera eta auzoan hirigintza proiektu bat aurrera eramatea. Proiektu hori ez dela bideragarria ikusi du Udalak eta hitzarmen berria adostu dute.
Hitzarmen berriaren arabera, 332 etxebizitza egin beharrean, 308 etxebizitza egingo dira Floridan. Lehen, %40 libreak ziren, %40 kontzertatuak eta %20 babes ofizialekoak. Orain, %100ean babes publikoren bat duten etxebizitzak izango dira eta alokairura bideratuko dira asko. Horrez gain, etxebizitza guztien erdiak hernaniarrentzat izango dira, hasieran baino gehiago. Ordenazio urbanistikoa hobetzen saiatu direla azaldu zuen Luis Intxauspe alkateak eta espazio ireki gehiago izango da. Bestalde, Udalarentzat 15 etxebizitza izan beharrean, 4 izango dira eta Landare-toki Udalaren jabetzara pasa beharrean, Diputazioak utzi egingo dio 30 urteko erabilerarako eta gerora Udalarena izateko aukera biltzen da. Hasierako hitzarmenean bezalaxe, 600 m2ko lokal bat Udalarentzat izango da.
Lege berriarekin, konpetentzia gutxiago
Udaleko Enpresa Batzordeak (LAB-ELA) aurkeztutako mozioa ere onartu zen asteartean, Espainiako Kongresuak gaur onartuko duen Toki administrazioaren erreformarako legearen kontrakoa. Puntuka bozkatu zuten eta aurreneko eta azken puntua aho batez onartu ziren; bigarrenean eta hirugarrenean, sozialistak abstenitu egin ziren. Hori horrela, honakoa onartu du Udalak:
«1. Lege-proiektua errefusatzen dugu, Udalen eta toki administrazioen konpetentziak eta finantza-baliabideak murrizten dituelako, zerbitzu publikoak herritarrengandik urrunduz; zerbitzu publikoen merkantilizazioa bultzatzen duelako; eta langileon baldintzak jo mugan jartzen dituelako.
2. Euskal Herriko herritarron beharretara egokitutako instituzio-antolaketa erabakitzeko, eskubidea aldarrikatzen dugu.
3. Euskal Herriko langile guztien negoziazio-eskubidea defendatzen dugu; Lan Harremanetarako Euskal Esparrua funtsezkoa izanik.
4. Udalak ahal duen neurrian lege hau ez aplikatzeko konpromisoa hartzen du».
Honen harira, kontzentrazioa egingo dute gaur Udal langile eta agintariek, 12:45etatik 13:15etara, udaletxe aurrean.
«Egoera larria da, ikasleak Agustin Iturriagan pilatzen dira»
Hernanin, Bigarren Hezkuntzako eskolarizatze beharrei erantzuteko (bateratzea zela eta), eraikin berri bat egiteko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Administrazioak. Orain gutxi, bertan behera uzteko erabakia hartu duela jakin da eta erabaki horren aurkako mozioa aurkeztu zuen Hernani BHIko Eskola Kontseiluak asteartean. «Datak bete ez badira ere, azken aldian proiektua martxan zegoela pentsatzen genuen eta jakin dugu, bertan behera uztea erabaki dutela oraingoz, eskola komunitateari inolako azalpenik eman gabe. Egoera larria da. DBH 3-4 eta Batxilergoko ikasleak Agustin Iturriagan pilatzen dira eta eragin kaltegarria du», azaldu zuten.
Mozioarekin aho batez onartu zuen Plenoak, honakoa: Hernaniko Udalak harreman instituzionala bideratzea Jaurlaritzarekin, Hezkuntza Sailak 2014 urtean diru partida bat eman dezan Hernani BHIko eraikin berria egiteko eta 2014an eraikinaren adjudikazio publikoaren fasea gauzatzeko. Eta Udalaren laguntza eta bultzada ziurtatzea.
Eusko Jaurlaritzak emandako finantzaketa, %33koa izatea
Musika Eskolako ordezkariek ere mozio bat aurkeztu zuten Plenoan. 2013ko otsailaren 28an Legebiltzarrak aho batez onartu zuen musika eskolentzat %33ko finantzaketa egonkorra lortzeko ekintza-plana ezartzea, baina gaur egun, Eusko Jaurlaritzak emandako finantzaketa, %14koa da soilik. Hori horrela, Hernani Musika Eskolako taldeak Plenoari eskatu zion, mozioa onartzeko eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eskatzeko, Legebiltzarrak aho batez onartutako transakzio-zuzenketa betetzea, musika eskolentzat %33ko finantzaketa egonkorra lortzeko asmotan. Aho batez onartu zen.
ITVko gatazka konpontzeko, erakundeen babesa
Urnieta eta Irungo ITV-IATko langileek 160 egunetik gora daramazkite greban, enpresak lan hitzarmena berritu diezaien borrokan. TÜV Rheinland Iberica S.A. enpresak daramaki zerbitzua Eusko Jaurlaritzak ezarritako kontzesio kontratua dela eta. Hori horrela, langileek erakundeen babesa eskatu dute, tartean Hernaniko Udalarena, Eusko Jaurlaritzak esku hartu dezan eta gatazka bukatu dadin. Honakoa onartu zuen Plenoak, aho batez: Jaurlaritzari eskatzea, ahal duen guztia egiteko lehenbialehen TÜV Rheinland Iberia S.A. enpresa kontzesiodunarekin, gatazka konpontzeko. Eta neurriak hartzea, EAEko gidariek ITV zentrua modu librean aukeratzeko eskubidea izan dezaten, kalitatezko zerbitzua jasoz.