Aenbait auzotan gero eta gehiago dira gazteek hartzen dituzten lokalak, eta errealitate bihurtzen ari dira. Hernaniko Udalak ez du hori «arazo bezala» ikusten, baina «ausnarketa bat» eskatzen duela uste du, gazte horiek, bertako bizilagun, eta lokalen jabeen artean. Udalak otsaila arteko prozesua martxan jarri du, eta atzo aurkeztu zuen prentsaurrekoan, Lizeagako gazte lokal baten aurrean. Bertan ziren, Luis Intxauspe Alkatea, Maialen Apezetxea udal teknikaria, eta Maitane Barrenetxea Aztikerreko kidea. Prozesuak hiru fase izango ditu eta Aztikerrek gidatuko du.
Gazte lokalen errealitatea
Udala auzoz auzo ibili da bilerak egiten, eta auzo bat baino gehiagotan hitz egin dute gazte lokalei buruz. «Kejak ere izan dira, zaratagatik, batez ere, eta egia da elkarbizitza posible izan dadin hitz egin beharra dagoela». Horrez gain, Udalak gauza positiboak ere ikusten dizkie lokal horiei, gazteak elkartzeko puntu diren aldetik. «Ez da gure belaunaldian elkartzen ginen modua, baina gaur egun hor elkartzen dira eta hori positiboa da; horrela ikusten dugu guk, behintzat. Eta arazoren bat sortzen bada, konpontzen saiatu beharko dugu».
Protokoloa zehazteko bidean, hiru fase
Hain juxtu horrexegatik, protokolo bat zehaztu nahi du Udalak, gazteen, bizilagunen eta lokal jabeen artean. Horretarako, hiru faseko prozesua bideratuko du Aztiker enpresak. Hala adierazi zuen Barrenetxeak: «Lehendabiziko fasea guk egingo dugu, 0 fasea deitu diogu, eta diagnostikoa egitea izango da. Gabonen bueltan hasi eta bukatuko da. Zenbat lokal dauden, non dauden, zenbat ordaintzen diren, zein baldintzetan dauden, zailtasunik izan al duten lokala lortzeko, zergatik erabaki duten lokala hartzea...».
Ondorengo fasea, beraiek bigarrena deitu diotena, irekia izango da, baina bakoitza bere aldetik bilduko dute. Alegia, gazteak elkartuko dituzte alde batetik, urtarrilaren 22an; eta beste alde batetik elkartuko dituzte bizilagunak, lokalen jabeak, eta adin txikikoen gurasoak, urtarrilaren 23an.
Azkeneko fasea, bigarrena deitu diotena, alde guztiak elkartzeko egingo dute,
eta hiru bilera izango dira: otsailak 13, Nolakoa da gazte lokalen inguruko elkarbizitza?; otsailak 27, Nolako elkarbizitza nahi dugu?; martxoak 13, Elkarbizitza... hartu eta eman.
Saio guztiak Biterin egingo dira, 18:30etatik aurrera. Pentsatzen ari dira hasierako saioa lokalen batean egitea ere.
Blog bat, eta galdetegia, herritar guztien esku
Zuzenean inplikatutako aldeekin hitz egingo dute prozesu honetan, batez ere. Dena dela, bilerak irekiak izango dira interesa daukatenentzat. Horrez gain, bloga ere jarri dute, eta bertan informazioaz gain, galdetegia jarria dago, erantzun nahi duen guztiarentzat: hernanikogaztelokalak@blogspot.com helbidean, hain zuzen.