Lau kirol sari banatuko dira ostiralean, kirolarien lana eskertuz

Kronika - Erredakzioa 2013ko abe. 18a, 01:00

Honakoak dira lau sariak: Kirolarien Saria emakumezkoentzat, Kirolarien Saria gizonezkoentzat, Babes Saria eta Hernani Saria. 8 hautagai daude. Bestalde, kirol instalazioei buruzko hausnarketaren emaitzak eta konpromisoak aurkeztuko dituzte. 19:30etan, Biterin.

Hernaniko kirol arloan egitasmo berri bat jarri zen martxan iaz, hernaniarrek kirol munduan egindako lana eskertzeko. Egitasmo horrekin jarraituz, aurten ere kirol sariak banatuko ditu Udalak. Ekitaldia, ostiralean izango da, 19:30etan Biterin. Aurten, zehazki, lau sari izango dira: Kirolarien Saria emakumezkoentzat, Kirola­rien Saria gizonezkoentzat, Babes Saria eta Her­nani Saria. Hautagaiak kirol elkarteek proposatu dituzte eta ondoren, beraien bozkaren bidez erabaki dituzte aurtengo irabazleak.

Hiru hautagai, emakumezkoetan
 Emakumezkoetan Kirolarien Saria jasotzeko, 3 hautagai daude: Esther Lopez boleibol jokalaria, Amaia Irazustaba­rre­na palista eta Ainhoa Gaspar gimnasta.

Bi hautagai, gizonezkoetan
 Gizonezkoen kasuan, berriz, Kirolarien Saria jasotzeko, bi hautagai daude: Ioritz Arrie­ta pelotaria eta Peru Alfaro triatleta.

AMR enpresak, Babes Saria
 Babes Saria jasotzeko, hautagai bakarra proposatu dute kirol elkarteek: AMR Refrac­tarios SA enpresa. Bera izango da saritua. Diru laguntza emateagatik sarituko dute.

Ibilbide luzeko bi kirolari Hernani Sarirako
 Ibilbide luzeko bi kirolari proposatu dituzte Hernani Saria jasotzeko, eta bakoitzak bere arloan lan haundia egin duena Hernanin: Miguel Angel Garin (atletismoa) eta Batis Larburu (arrauna).

Kirol instalazioei buruzko konpromisoak
 Sariak banatu aurretik, kirol instalazioei buruzko hausnarketaren emaitzak eta konpromisoak azalduko dituzte. Gaia lantzeko, lau foro antolatu zituen Udalak, prozesu partehartzaile baten barruan. Foro horietatik hainbat datu atera dituzte eta horien berri emango dute ostiralean. Udalak gonbitea luzatzen die herritar eta herriko elkarte guztiei. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!